Gizartea -

A-1 autobidean

Aurkako noranzkoan zihoan auto batek bi istripu eragin ditu

Oraindik argitzeke dauden arrazoiak direla eta, gidariak hainbat kilometro egin ditu kontrako noranzkoan, eta bi istripu eragin ditu. Hiru lagun zauritu dira istripu horietan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

A-1 autobidean kontrako noranzkoan zihoan auto-gidari batek bi istripu eragin ditu; batean, Ziordian, kalte materialak bakarrik eragin ditu, eta, bestean, hiru lagun zauritu dira, gidaria barne, Nafarroako Gobernuak zabaldu duenez.

Aipatutako iturrien arabera, errepidean autoa aurrez aurre aurkitu duten zenbait gidarik Foruzaingoa ohartarazi dute, Gasteizerantz zihoalako Donostiarantz joateko bidetik.

Lehendabiziko deia 14:35ean egin dute, Olatzagutitik, eta, handik gutxira, ibilgailuak beste auto baten kontra talka egin du Ziordian,; ez da inor zauritu, baina kalte materialak eragin ditu.

Alabaina, gidariak aurrera jarraitu du, gelditu barik, eta, handik gutxira, beste istripu bat eragin du, Arabako mugan. Istripu horretan, hiru pertsona zauritu dira; horietako bat, kontrako noranzkoan zihoan gidaria bera.

SOS Nafarroak Altsasuko Suhiltzaileak mugiarazi ditu, istripuak eragin dituen gizona autotik ateratzeko, burdina artean ez aurrera ez atzera geratu baita. Guardiako mediku taldea eta anbulantzia bat ere bertaratu dira, eta, suhiltzaileek auto barrutik atera ondoren, Nafarroako Ospitalera eraman dute. Beste bi zaurituak Arabako hiriburuko ospitale batera eraman dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Araba Gasteiz Albisteak