Gizartea -

Genero indarkeria

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, emazteari zaplaztekoak emateagatik

Biktimaren testigantzaren arabera, gizona mozkortuta heldu zen etxera eta bultzadak eta zaplaztekoak eman zizkion. Atxilotua goizean igaro da epailearen aurretik. Tratu txarren kontrako telefonoa: 016

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaltzaigoak 34 urteko gizonezko bat atxilotu du haren emazteari zaplaztekoak emateagatik. Biktimaren testigantzaren arabera, gizona mozkortuta heldu zen etxera, "sarri askotan bezala".

Udaltzaingoak gaur ohar bidez jakinarazi duenez, ustezko erasotzailea mozkortuta iritsi zen Zaramaga auzoko haren etxera gaueko hamarrak jo baino minutu batzuk lehenago eta emazteari bultzadak eta zaplaztekoak ematen hasi zen.

Emakumeak erasotzailearengandik ihes egitea lortu eta 092 telefonora deitu zuen laguntza eske. Udaltzainak bikotearen etxebizitzara bertaratu zirenean, biktimak azaldu zien gizona mozkortuta iritsi zela etxera eta kolpeak eman zizkiola.

Udaltzainei azaldu zienez, gizonak oso maiz ematen dizkio tratu txarrak.

Emakumearen testigantza entzun eta hura artatu ondoren, udaltzainak bikotearen etxebizitzara joan eta ustezko erasotzailea atxilotu zuten genero indarkeria delitua leporatuta.

Atxilotua gaur pasatu da epailearen aurretik.

_____________________________________

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Gasteiz berriak Eguneko albisteak