Gizartea -
Indarkeria sexista
Bikotekideari tratu txarrak emateagatik atxilotu dute, Gasteizen
35 urteko gizonak kolpeak jo eta irainak egin zizkion emakumeari, hiru orduz, biktimak larrialdi zerbitzuei deitzeko modua izan zuen arte. Tratu txarren aurkako telefonoa: 016.
AGentziak | Erredakzioa
35 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak Gasteizen, genero indarkeria delitua egotzita. Gizonak bikotekideari eraso zion eta tratu txarrak eman zizkion, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Gertakariak astelehen goizean jazo ziren, bikoteak Arabako hiriburuan duen etxebizitzan. Biktimak salatutakoaren arabera, gizonak irainak egin zizkion eta kolpatzen hasi zitzaion. Ondoren, lurrera bota zuen, eta belauna lepo gainean jarri zion, mugi ez zedin. Emakumea lurrean zegoela, kolpeak eman zizkion buruan eta gorputzean.
Emakumearen esanetan, hiru orduz eraso zion, biktimak SOS DEIAK 112 larrialdi zerbitzura deitzeko modua izan zuen arte.
Etxebizitzara bertaratu ziren agenteek buruan eta gorputzean hainbat kolpe zituela topatu zuten emakumea, etxebizitza hankaz gora zegoela. Gizonak atzaparkada batzuk zituen aurpegian, emakumeak defendatu nahian egindakoak, nonbait.
Emakumeak agenteei esan zienez, aurretik ere eman dio inoiz tratu txarrik, baina ez du inoiz salatu. Hala, agenteek atxilotu egin zuten gizonezkoa, genero indarkeria delitua egotzita.
_____________________________________
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.