Gizartea -

Ustezko pederasta

Irakasle bat ikertzen ari dira Araban, ustezko sexu gehiegikeriengatik

Gizonak eskolak ematen jarraitzen du lau urteko ustezko biktima bat dagoen hezkuntza zentro batean; izan ere, Hezkuntza Sailak ez omen zuen ikerketaren berri.

Lau kasuren berri eman zion Gasteizko Udalak Hezkuntza Sailari. EiTB
Lau kasuren berri eman zion Gasteizko Udalak Hezkuntza Sailari. EiTB
Gasteizko irakasle bat ikertzen ari dira sexu gehiegikeriagatik

1:36

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Fiskaltzak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak datu kontraesankorrak eman dituzte Gasteizen 3 eta 5 urte arteko lau haurri ustez sexu-gehiegikeriak egin dizkien irakaslearen inguruko ikerketaren harira.

Blanca Guerrero Hezkuntza Sailaren ordezkariak prentsaurrekoa eman du, eta aitortu du hiru urteko neskato baten aitak salaketa jarri zuela 2012-2013 ikasturtean, baina artxibatu egin zutela frogarik ez zegoelako.

Hala eta guztiz ere, Jaurlaritzak ez omen du berririk jaso Fiskaltzak hasi duen ikerketaren inguruan, eta ez du neurririk hartu irakasle horren kontra; hori dela eta, gizonak eskolak ematen jarraitzen du.

Josu Izaguirre Arabako fiskalburuak prentsa-oharra kaleratu du eta azpimarratu du 2014ko ekainaren 17an jarri zuela abian ikerketa aipatu sexu-erasoen inguruan, eta hile hartan bertan Gasteizko Instrukzio epaitegiak bere esku hartu zuela kasua.

Azaldu duenez, 2014ko urriaren 20an, Fiskaltzak eskatuta, bilera egin zuten Gasteizko Justizia Jauregian fiskalak berak, Adingabeen fiskalak, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko ordezkariak, Hezkuntzako ikuskaritza buruak eta eremuko ikuskariak. "Ustezko sexu-gehiegikeriez" jardun omen zuten batzar hartan.

Gainera, 2014ko irailaren 15ean, Fiskaltzak hainbat jakinarazpen helarazi zizkien kaltetutako zentroei (Hezkuntza Sailaren mende daude guztiak), "informazioa" eskatu zien "ikertzen ari ziren gertakarien inguruan, eta erantzun egin zuten". Beraz, Jaurlaritzak "Fiskaltza egiten ari zen ikerketaren jakitun zen", Izagirreren esanetan.

Hala eta guztiz ere, Hezkuntza Saileko ordezkariak esan du ez zuela salaketa berrien abisurik jaso, eta urriko bileran artxibatua zegoen kasuaz soilik hitz egin zutela.

Bestalde, Gasteizko Udalak adierazi du aurreko urtean lau ustezko sexu-gehiegikeria kasuren berri izan zuela, eta horixe jakinarazi ziela Hezkuntza Sailari eta Fiskaltzari.

Gainera, zegokion prozedura jarri omen zuten abian, eta kasu guztiak aztertu ostean, haurrak biktima izan zirela ondorioztatzeko "zantzu guztiak" atzeman zituzten.

Udalak ez du eskumenik gai horretan, eta haurrei eta gurasoei laguntza psikologikoa eta teknikoa ematera mugatu zen.

Ustezko pedofiloak berriro egin du topo biktima batekin

Bestalde, Gasteizko neskato baten aitak salatu du alaba irakasle horren biktima izan zela, eta ikastetxez aldatu bazen ere, berriz ere harekin egin duela topo beste zentro batean.

Irakaslea Arabako hiriburuko hainbat eskolatik pasatu da, ordezkapenak egiten baititu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Delituak bideoak Gizartea Gasteiz albisteak Umeak albisteak gaur Sexu erasoak Irakasleak