Gizartea -

Genero indarkeria

Emakume bat hil da bikotekide ohiak sastatuta, Santa Cruz Tenerifekoan

Horrez gain, biktimaren amak (61 urtekoa) ere zauriak izan ditu, alaba defendatzen saiatu denean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

36 urteko emakume bat hil da bart gauean, bikotekide ohiak labanaz hainbat aldiz sastatuta, amarekin batera kaletik zihoala. Erasotzaileak ama ere zauritu du. Santa Cruz Tenerifeko Poliziak gaur jakitera eman duenez, aipatutako erasotzailea jazoera gertatu ostean atxilotu zuten.

Gertaera Tenerife uhartearen hiriburuko Majuelos etorbidean jazo zen, eta han bertan hil zuen emakumea. Ustezko erasotzaileak (C.G.H.) oinez egin zuen alde bertatik, eta handik gertu atzeman zuten, baina ukatu egin zuen erasoan parte hartu izana.

Bestalde, erasoan ustez erabilitako labana labankada gertatu zen lekutik gertu aurkitu zuen Polizia Nazionalak.

Eraildako emakumearen amak erasotzaileari aurre egin nahi izan zion, eta berak ere zauriak izan zituen. Ondorioz, ospitale batera eraman behar izan zuten.

Aipatutako biktima honekin dagoeneko 37 dira Estatuan genero indarkeriaren ondorioz hil diren emakumeak, eta beste lau kasu ikertzen ari dira, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren datuen arabera.

_____________________________________

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Espainia Eguneko albisteak