Gizartea -

Ostiral honetan

Emakume batek bortxaketa eta lapurreta saiakera salatu du Bilbon

Emakumea Gurutzetako Ospitalean dago. Gizonezkoa, aldiz, oraindik ez dute identifikatu.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bortxaketa eta lapurreta saiakera salatu du emakumezko batek Bilbon, eitb.eus-ek jakinarazi duenez.

Jazoera Zorrotza auzoan izan da, ostiral honetan, 06:00ak aldera, Hermogenes Roko kalean. Emakumea kalera atera da txakurrak paseatzera, eta gizonezko bat hura bortxatzen eta lapurreta egiten saiatu da. Gainera, gizonak jipoi handia eman dio emakumeari. Emakumea Gurutzetako Ospitalean dago.

Salaketaren berri izan ostean, Ertzaintzak ikerketa abiarazi du. Oraindik ez dute ustezko erasotzailea identifikatu.

Zorrotza Bizirik

Zorrotza Bizirik auzoko taldeen elkarteak erasoa salatu du, eta astelehenean Zorrotzan egingo duten protesta-elkarretaratzera deitu ditu herritarrak. 19:30ean izango da hitzordua, Azoka parkean.

Bestalde, EH Bilduk ere jazotakoa salatu du, eta "eraso sexista guztien aurrean zero tolerantzia" eskatu du koalizioak.

EH Bilduk ohar batean adierazi duenez, "erasoak agerian uzten du gure gizartean indarkeria eta eraso sexistak ez direla gertaera isolatuak", eta gogoratu du azken hilabeteotan sei eraso izan direla Bilbon.

Koalizioaren aburuz, "erakundeetatik bideratzen ari diren neurriak ez daude egoeraren larritasuna eskatzen duenaren mailan", eta instituzio publikoek "esfortzu handia" egin behar dute prebentzio mailan; horrekin batera, gizona eta emakumeak askatasunean hezten dituen sistema baten alde" egin behar da, EH Bilduren hitzetan.

_____________________________________

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Tratu txarrak gaur EH Bildu Araba