Gizartea -

Zorrotzan (Bilbo)

Ospitalean jarraitzen du bortxaketa saiakera salatu duen emakumeak

Zorrotzako auzo-elkarteak "eraso bortitz hori" salatu du, eta bihar arratsaldean Azoka parkean izango den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du.

Zorrotzako auzokideek segurtasun falta salatu dute

0:39

T. SAN JOSÉ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bortxaketa eta lapurreta saiakera salatu duen emakumeak Gurutzetako Ospitalean jarraitzen du, Zorrotzako auzo-elkarteko hainbat iturrik eitb.eus-i jakinarazi diotenez.

Erasoa ostiralean jazo da, 06:00ak aldera. Emakumea kalera atera da, txakurrak paseatzera. Hermogenes Rojo kalean, anbulantzia-parking batean, identifikatu gabeko gizonezko bat emakumea bortxatzen saiatu da. Horrek aurre egin dio, eta ustezko erasotzaileak jipoi handia eman dio.

Oihuak entzunda, anbulantzietako langileek emakumezkoari laguntza eskaini diote. Orduan, ustezko erasotzaileak ihes egin du, eta emakumea ospitalera eraman dute.SEXU ERASOAREN AURKAKO ELKARRETARATZEA ZORROTZAN ITURRIA: ZORROTZAKO AUZO ELKARTEA

Emakumeak zauri larriak ditu aurpegian, eta litekeena da ospitalean egonaldi luzea egin behar izatea.

Gurutzetako Ospitaleak dagokion protokoloa abian jarrita, Ertzaintzak salaketa jaso eta ikerketa abiarazi du, xede izanik gizonezkoa identifikatzea eta atxilotzea.

Erasoa gaitzesteko elkarretaratzea

Zorrotzako auzo-elkarteak "eraso bortitz hori" salatu du, eta astelehenean Zorrotzan egingo duten protesta-elkarretaratzera deitu ditu herritarrak. Hitzordua 19:30ean izango da, Azoka parkean.

_____________________________________

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak