Gizartea -
Batzarra Bruselan
EBk errefuxiatuen krisiari aurre egiteko neurriak hartu nahi ditu gaur
Europar Batzordeak adierazpen bat jarriko du mahai gainean, batzarrean parte hartuko duten herrialdeek babesa emango diotelakoan.
Agentziak | Erredakzioa
Mendebaldeko Balkanetako ibilbidetik Europara heltzen diren errefuxiatuen iritsierak gehien eragiten dituen hamar herrialdeak premiaz batzartuko dira gaur Bruselan, orain arte hartu diren alde bateko erantzun deskoordinatuekin bukatu eta berehalako neurriak adosteko asmoz.
Europar Batzordeak adierazpen bat jarriko du mahai gainean, batzarrean parte hartuko duten herrialdeek babesa emango diotelakoan. Adierazpen horretan, besteak beste, honako ekimen hauek proposatuko ditu: Esloveniako muga zaintzeko 400 polizia bidaltzea, Kroaziako mugetan kontrol gehiago ezartzea eta Greziatik Mazedoniara eta Albaniara heltzen diren errefuxiatuak kontrolatzea.
Europar erkidegoko Gobernuak espresuki eskatuko die herrialdeei "pertsona horiek inguruko beste Estatu batzuetara (berorien oniritzi gabe) aurrera egin dezaten saihestea". Errefuxiatu horiek batez ere Turkiatik heltzen dira, Alemanian sartzeko asmoz.
"Mendebaldeko Balkanetatik barrena gertatzen ari den orain arte sekula ikusi gabeko errefuxiatuen eta etorkinen jarioa erronka bat da, eta ez da konponduko erabaki nazionalekin", hala adierazten du Efe agentziak ikusi ahal izan duen adierazpenaren zirriborroak.
Horrez gain, auzokideak diren Estatuek guztiek batera lan egin behar luketela adierazten du, eta ez bakoitzak bere aldetik.
Europar Batasuneko presidente Jean-Claude Juncker-ek aparteko batzar hori deitu zuen Esloveniako egoera larriaren aurrean. Hark Armada atera zuen kalera, bere lurraldean sartzen ari zen pertsona-kopurua zela eta.
Esloveniatik sartzen ari den errefuxiatuen jarioa (13.000 pertsona azken 24 orduetan) Hungariak Serbia eta Kroaziarekin dituen mugak bata bestearen atzetik ixtearen ondorioa da. Izan ere, Europar Batasunean sartzeko bidea aldatzea besterik ez du ekarri.
Hain zuzen ere, topaketa horren bezperan, Bulgariak, Errumaniak eta Serbiak adierazi zuten prest zeudela euren mugak ixteko, errefuxiatuen oldea gerarazte aldera; horrez gain, krisiari aurre egingo dion komunean hartutako estrategia europar bat egotea eskatu zuten.