Gizartea -
ARABA
N-622 errepidea 10 orduz itxita, Zigoitian, kamioi batek su hartuta
Auto batek eta kamioi batek talka egin dute, eta azken honek su hartu du. Bi lagun eraman dituzte erietxera. Hamar ordu behar izan dituzte errepidea erabat irekitzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Bilbo eta Gasteiz lotzen dituen N-622 errepidea 10 orduz egon da itxita Zigoitian, istripu ikusgarri baten ondorioz. Auto batek eta zisterna-kamioi batek talka egin dute eta bi pertsona zauritu dira. Gainera, kolpearen ondorioz kamioiak su hartu du.
Ezbeharra 07:50 aldera jazo da, Letonatik gertu. Autoan eta kamioian zihoazen bi lagunak Gasteizko Santiago Ospitalera eraman dituzte, zaurituta.
Zirkulazioa A-3600 errepidetik bideratu behar izan dute eta auto-ilara luzeak izan dira.
Suhiltzaileek 09:30ean amaitu dute garrak itzaltzen. Gero, Ingurumen Sailak baimendutako langileek errepidea garbitu eta sortutako hondakin arriskutsuak erretiratu dituzte. Kamioiak 22.000 litro gasoleo A, 3.000 litro gasoleo B, eta 8.000 litro gasolina 95 zeramatzan.
Segurtasun Sailak eitb.eus-i zehaztu dionez, errepidearen zati bat berriz asfaltatu behar izan dute eta, ondorioz, errepidea irekitzeko denbora gehiago behar izan dute.
Honen guztiaren ondorioz, errepidea hainbat orduz itxita egon da. 14:20ean, errei bat ireki dute Gasteizko noranzkoan; eta 15:15ean, ezbeharra gertatu eta zortzi ordutara, errepidea erabat zabalik egon da aipatu noranzkoan.
Bilboko noranzkoan, berriz, arratsaldeko 18:00etan, istripua jazo eta hamar ordutara, ireki dute errepidea.
Hondakinak garbitu dituzte Ingurumen Sailak baimendutako langileek. Argazkia: SOS DEIAK