Gizartea -
EUSKALMET
Alerta laranja euskal kostaldean, itsasaldeko arriskuagatik
Itsasgoran, arratsaldean, olatu handiak espero dira. Zenbait lekutan, Zarauzko malekoian esaterako, itsasbazterra gainditu dezaketela uste da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Itsasaldean arriskua egon daitekeelakoan, alerta laranja ezarriko du gaur arratsaldean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, olatu handiek eta itsasgorak bat egingo dutelako, eta balitekeelako kostaldeko hainbat lekutan itsasbazterrak gainditzea.
14:00etatik 18:00etara izango da indarrean alerta. Ordu horretan marea biziak daude aurreikusita, itsasgorarekin batera. 16:16 inguruan izango dira olaturik harroenak.
Euskalmeten arabera, Atlantikotik sartuko da borraska gogor bat, hegoalderantz, eta horrek eragingo ditu olatu handiak.
Poliki-poliki, handitzen joango dira olatuak: goiz partean, 1-1,5 metroko altuera hartuko dute, eta, orduek aurrera egin ahala, 3,5 metro harrapatuko dituzte, 15-16 segundoan behin.
Zenbait lekutan, dena dela, olatuak bereziki handiak izango direla ohartarazi du Euskalmetek: Bilboko Portuan, esaterako, 4,9 metrora hel daitezke olatuak, eta Zarautzen itsasbazterra gaindi dezakete.
Asteazkenean ere, itsasoa bizi ibiliko da, batez ere, arratsaldean, baina olatuak txikitzen joango dira.
Alerta, Getxon
Getxon, Imanol Landa alkateak Krisi Mahaia deitu du, eta Udala SMS mezual bidaltze ari da arrisku guneetako (Kirol Portua, Ereagako hondartza eta Portu Zaharra) merkatariei eta ostalariei, informazioa emateko.
Aipatu arrisku guneak itxita izango dira 15:15etik 17:15era.
Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzak honako gomendioak eman dizkie herritarrei: aldendu hondartzetatik eta olatuen eragina jasan dezaketen bestelako guneetatik; ez erabili itsasontzirik eta egiaztatu ondo amarratuta daudela; ez egin inola ere uretako kirolik; ez sartu itsasora ezertarako; urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (arrokak, kai-muturrak, moilak) eta ez joan itsas-pasealekuetara, kai-muturretara edo labarretara.