Gizartea -
Ertzaintzaren datuak
Sexu erasoek behera egin dute Euskadin
Nolanahi ere, abusuek eta ukipenek gora egin dutela zehaztu du Ertzaintzak.
eitb.eus
Sexu erasoen kopuruak behera egin du Euskadin aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan, iazko epe bereko datuekin alderatuta, baina igo egin dute abusuek eta ukipenek, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak txosten batean jakinarazi duenez.
Nolanahi ere, eitb.eus-ek galdetuta, Ertzaintzak ez du argitu zehazki zenbat igo eta jaitsi diren delitu mota horiek.
Polizia autonomikoak ezberdindu egiten ditu "sexu erasoak" eta "abusuak", erasoan "indarkeria edota larderia egon den arabera". Hori bai, bi eraso motak "biktimaren baimenik gabe" egiten direla gaineratu dute.
Bestalde, "familia barruko tratu txar ohikoak" % 3,5 jaitsi dira.
Beste delitu mota batzuk
Homizidioei dagokienez, % 45,1 igo direla azaldu du Segurtasun Sailak, baina horietako gehienak "saiakerak" izan direla gaineratu du. Orotara 10 homizidio gauzatu dituzte aurten, eta horien guztien ustezko egileak atxilotu egin dituztela esan du Ertzaintzak.
Gora egin duten delituen artean, autoen lapurretak eta iruzurrak (batik bat Internet bidez egindakoak) aipatu ditu EAEko Poliziak,
Aitzitik, honakoek behera egin dute: lesioak (-% 4,4), torturak eta osotasun fisikoaren aurkakoak (-% 2,1), ondasunen eta ordena sozioekonomikoaren aurkakoak (-% 2,8), segurtasun kolektiboaren aurkakoak (-% 7,8) eta ordena publikoaren kontrakoak (-% 24,9).
Urtarriletik irailera egindako 10 delitutik zazpi ondasunen eta ordena sozioekonomikoaren aurkakoak izan dira.
Halaber, etxebizitzetan egindako lapurreta kopurua % 26,7 murriztu dira.
Oro har, delinkuentzia % 3,9 jaitsi da EAEn urteko lehen bederatzi hilabeteetan. Segurtasun Sailaren esanetan, hauek dira kausak: "Ertzaintzak abiatutako prebentzio planak, ikerketa indartu izana eta agenteen espezializazioa hobetu izana".