Gizartea -
Epaia
Sei hilabeteko zigorra, Osakidetzako mediku bati eraso egiteagatik
Datozen bi urteetan deliturik egiten ez badu, kartzelara joatea saihestuko du erasotzaileak. Gainera, 1.050 euro ordaintzera kondenatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Gai Penaletarako Epaitegiak sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Osakidetzako mediku bati eraso egin zion gizonezkoari. Medikuak ezin izan zuen lan egin hurrengo 21 egunetan.
Gertaera pasa den urtean jazo zen, abenduaren 22an, 37 urteko gizonezkoa Erandioko osasun etxera joan zenean. Kontsultan sartu zenean medikua iraindu eta bortizki bultzatu zuen. Gainera, mahaia kolpatu eta ordenagailua lurrera jaurti zuen.
Epaitegiak ebatzi du ekintza horiek funtzionario publikoen kontrako delitua suposatzen dutela. Hori dela eta, sei hilabeteko kartzela zigorra eta 1.050 euro ordaintzera kondenatu dute.
Hala ere, datozen bi urteetan deliturik egiten ez badu, kartzelara joatea saihestuko du erasotzaileak.
Osakidetzaren esanetan, lege berriarekin epaileek kartzela zigorrak ebatzi dezaketela erakusten du emandako epaiak.