Gizartea -
GERTAKARIA
Bi gizon atxilotu dituzte Santurtzin, gazte bat atxikitzea egotzita
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 50 euro zor zizkien gazteak atxilotutako bi gizonei. Hori dela eta, atxiki egin zuten, eta mehatxuak egin zizkioten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
23 eta 24 urteko bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak, Santurtzin, beste mutil bat atxikitzea eta mehatxatzea leporatuta. Antza, biktimak 50 euro zor zizkien bi atxilotuei; horiek marihuana saldu zioten, baina ez zuten dirurik jaso.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, emakume baten deia jaso zuen Ertzaintzak joan den ostiralean; bi gizonezkok bere semea etxebizitza batera eraman zutela, mehatxupean, eta han atxikita zutela esan zien.
Emakumearen laguntzarekin, gertakaria izan zen etxebizitzara joan zen Ertzaintza, eta bertan aurkitu zituen ustezko bi erasotzaileak eta biktima. Azken horrek Poliziari esan zion burua apurtzearekin mehatxatu zutela, eta nortasun agiria eta sakelakoa lapurtu zizkiotela.
Tokian bertan atxilotu zituen bi gizonezkoak Ertzaintzak, legearen aurkako atxiloketa eta mehatxu delitua egotzita. Indarkeria erabilita lapurreta egitea ere leporatu zieten.