Gizartea -

Gertakari lazgarria

Zazpi haurtxoren hilotzak topatu dituzte Alemaniako etxebizitza batean

Wallenfels herriko (Bavaria iparraldean) etxe batean aurkitu dituzte gorpuak. Polizia 45 urteko emakume baten bila dabil, hilketekin zerikusia izan dezakeelakoan.

Wallenfels herriko etxebizitza honetan topatu dituzte gorpuak. EFE
Wallenfels herriko etxebizitza honetan topatu dituzte gorpuak. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Poliziak zazpi haurtxoren hilotzak topatu ditu Alemaniako etxebizitza batean. Wallenfels herrian (Bavaria iparraldea) aurkitu dituzte, ikerketaren iturriek jakinarazi dutenez.

Gorpuak ostegun arratsaldean topatu zituen Larrialdietako mediku talde batek, baina orain arte ez dute aurkitutako hilotz kopurua zehaztu.

Alemaniako Fiskaltzak eta Coburg hiriko Poliziak hartu dute ikerketaren ardura. Poliziako iturriek jakinarazi dutenez, gorpuak "oso egoera txarrean" zeuden, baina datorren astera arte ez omen dituzte autopsiaren emaitzak zabalduko. Orduan jakingo dute nola eta noiz hil zituzten.

Poliziak emandako lehen datuen arabera, Larrialdietara egindako telefono-dei baten bidez jakinarazi zuten etxebizitzan gorpuak zeudela, eta bertara joan zen zen mediku talde batek aurkitu zituen hilotzak, logela batean.

Emakume baten bila

Etxea 45 urteko emakume batena da, eta Polizia haren bila dabil, hilketekin zerikusia izan dezakeelakoan.

Aurretik ere izan dira Alemanian antzeko kasuak. 2013an, bost umeren gorpuak topatu zituzten Schleswig-Holstein Alemania iparraldeko estatu federatuko etxebizitza batean.

2005ean, antzeko beste kasu bat izan zen Brandenburgo eskualdean, Alemania ekialdean. Poliziak bederatzi haurtxoren gorpuen arrastoak topatu zituen hainbat loreontzitan lurperatuta. Hilketak amak berak egin zituen. 13 ume izan zituen eta horietako 9 hil zituen 1992 eta 1998 artean. 15 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alemania