Gizartea -
Gertakaria
Gasteiztar bat atxilotu dute adingabe bat jazartzeagatik
Ustezko erasotzailea duela gutxi irten zen kartzelatik, zazpi urte eta erdiz zigortuta egon ostean. Gizonezkoak antzeko delituengatik beste kondena batzuk bete ditu.
Agentiak | Erredakzioa
46 urteko gasteiztar bat atxilotu dute, ustez, 14 urteko ume bat jazartzeagatik eta epaileak ezarritako urruntze agindua hausteagatik. Izan ere, adingabeak dauden tokietatik 500 metrora gerturatzea debekatuta dauka gizonezkoak, baita ere horiekin komunikatzea, Espainiako Gobernuak Burgosen duen Ordezkaritzak azaldu duenez.
Atxilotuak behin baino gehiagotan etxeraino laguntzea eskatu zion umeari, horretarako aitzakia ezberdinak erabiliz: tablet bat oparituko ziola esanez edota ordenagailua apurtuta zuelako.
Duela egun batzuk, bere etxeraino jarraitu zuela konturatu zen mutikoa, eta, ondorioz, bere gurasoei gertatutakoaren berri ematea erabaki zuen. Hori dela eta, Poliziarengana joan ziren gertatutakoa salatzeko.
Polizia Judizialak kasua ikertzen hasi zenean, gizonezkoa gasteiztarra zela eta kartzelatik atera berri zela ikusi zuen, zazpi urte eta erdiz bertan egon ostean. Aurretik, beste kondena batzuk bete ditu antzeko delituengatik.