Gizartea -
ISTRIPUA
Zortzi zauritu Bilbon, tranbiak eta zabor-kamioi batek elkar jota
Kolpearen ondorioz, tranbia errailetik atera da eta zerbitzua 17:00ak arte etenda izan da. Zauritutako lagun guztiek senda-agiria jaso dute jada.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zortzi lagun zauritu dira Bilbon, tranbiak eta zaborra biltzeko kamioi batek elkarren kontra jo ondoren. Kamioiaren gidaria eta tranbiako bidaiariak dira zaurituak, Bilboko Udaltzaingoak jakitera eman duenez. Basurtuko, Galdakaoko eta San Eloyko ospitaletara eraman dituzte, baina arratsaldean guztiek jaso dute senda-agiria.
Ezbeharra 11:05 inguruan jazo da, Sabino Arana etorbideak eta Felipe Serrate kaleak bat egiten duten lekuan. Kolpearen ondorioz, tranbia errailetik atera da, eta Casilla eta Euskalduna Jauregiaren arteko tranbia-zerbitzua eten egin behar izan dute. Arratsaldeko 17:00etan, Euskotreneko langileek tranbia erretiratzea lortu dute eta zerbitzua bere onera etorri da.
Osasun-langileak, Bilboko udaltzainak eta suhiltzaileak joan dira istripuaren lekura. Juan Maria Aburto Bilboko alkatea ere, ezbeharraren tokian izan da.
Euskotrenek ikerketa zabaldu du, ezbeharra nola gertatu den argitzeko. Lekukoen arabera, baliteke kamioi gidariak gorrian zegoen semaforo bat ez errespetatu izana.