Gizartea -
Merkealdia
Iritsi da eguna: Hemen da 'Black Friday'
Azaroaren 27an deskontuak eskainiko dituzten denda eta marka handien gida osatua.
Eider Garaikoetxea | eitb.eus
Bada Gabonetako erosketak aurreratu eta opari guztiak patxadaz eta denboraz erosten dituenik. Deskontu handiak eta pagotxak eskuratzea gustuko dutenak ere hamaikatxo dira. Bada, horiek guztiek egutegian gorriz markatuta izan beharko lukete gaurkoa, azaroaren 27a, egun horretan egiten baitute denda handi eta txikiek (gero eta gehiagok) Black Friday (Ostiral Beltza) eguna.
AEBn du jatorria kontsumoa bultzatzeko egun honek, eta asko zabaldu da gurean oso denbora gutxian. Gabonetako erosketa kanpaina aurreratu eta kontsumoa pizteko eskaintza bereziak egiteko baliatzen dute saltoki handiek, egun horretan ez eze, kasu gehienetan, asteburu osoan egoten baitira maukak. Astelehenean, azaroaren 30ean, Cyber Monday (Ziber Astelehena) egingo dute sareko dendek.
Saltoki eta marka handiak aitzindariak izan ziren AEBko ekimen hau ekartzen, baina denda txikiek ere, apurka-apurka bada ere, merkealdia egiteko hautua egin dute.
Ondorengo lerrootan, egun seinalatu horietan eskaintzak egingo dituzten saltoki eta marken zerrenda osatu dugu:
Teknologia
Amazon da ziurrena Espainiako Estatura Black Friday ospetsua ekarri zuena. Mota guztietako produktuak saltzen dituen webgune estatubatuarrak astelehenean, azaroaren 23an, abiatu zuen merkealdia, eta ostiralera bitartean, merkatutako produktuen zerrenda handitzen joan da. Amazon Ibericaren arabera, 3.500 produktu izango dituzte salgai % 50erainoko deskontuarekin. Gorena, baina, Black Friday egunean bertan egingo dute, 10 minutuan behin 25 eskaintza berri egingo baitituzte. "Eskari handiko produktu ezagunen" salneurria jaitsiko dute. Asteburuan ere beherapenak izango dira Amazonen, baita Cyber Monday egunean (astelehenean) ere.
Uzkurrago agertu da Apple. Ez du argitu "ostiral beltzean" parte hartuko ote duen, eta egitekotan, 27an bertan iragarriko duela esan dio eitb.eus-i. K-Tuin-ek, Apple produktuetan espezializatutako dendak, % 10-20 kenduko die iPhone (iPhone 6a, barne), Mac ordenagailu, iPad tableta eta osagarriei. Horrez gain, Bilbon eta Iruñean dituen saltokiak 02:00ak arte izango ditu zabalik.
Media Markt teknologia saltoki handiek Black Weekend (Asteburu Beltza) berezia egingo dute; hau da, eskaintzak ostiralean hasi eta astelehenera arte izango dituzte indarrean (azaroaren 27tik 30era), webgunean zein Estatuan dituzten dendetan (60tik gora).
Euskaltelek moldatu egin du Ostiral Beltza telebista eta sakelakoetarako promozio berezia eginez. Abenduaren 1a baino lehen telebista kontratatzen dutenei edota konpainian alta ematen duten erabiltzaile guztiei doan hiru hilabete oparituko diete. Horrez gain, smartphone modelo batzuetan (iPhone 5C, Samsung Galaxy S5 eta Sony Experia, besteak beste) merkealdia egingo du euskal konpainiak.
Euskaltelen promozioaren irudia.
PC Box eta Beep informatika dendek, bestalde, Ostiral Beltza (azaroak 27) eta Ziber Astelehena (azaroak 30) ospatzeaz gain, larunbatean eta igandean egingo dituzte eskaintzak. Produktu guztiei % 15 eta % 60 arteko beherapena egingo diete. Twitterren eta Facebooken ere promozio kanpainak egingo dituzte.
Worten webgune ezagunak BEZ zergaren baliokidea kenduko die ordenagailu eta telebista sorta bati eta honako deskontuak egingo ditu tabletetan, sakelakoetan eta etxetresna eta argazkilaritzan: %15, % 25 eta %30, hurrenez hurren. Bidalketa gastuak doakoak izango dira PayPal bidez ordainduz gero.
Microsoftek ere beherapenak iragarri ditu bere sareko dendan.
Sonyk Bartzelonan duen dendan egingo du merkealdia, ostiralean, larunbatean eta igandean. Telebistetan eta audio eta irudi digitalen produktuetan % 20ko deskontua egingo du, eta % 8koa, PlayStation eta Xperia gailuetan.
FNACek ere Black Friday eta Cyber Monday ospatuko ditu. 'Aurreztu BEZa' delako kanpaina du abian ostiraletik larunbatera eta horren baliokidea kenduko die teknologia, aisialdi eta kultura produktuei. Horrez gain, igandean bakarrik, 1.000 produktutan % 50eko merkealdia egingo du.
Egunak daramatza The Phone Housek promozio berezian. Black Friday-ean "osagarri, tablet eta smartphone" sorta batean beherapenak eskaintzen ditu.
Arropa eta osagarriak
Inditex taldeak azken orduan iragarri ditu Ostiral Beltzeko beherapenak. Zara eta Pull & Bear dendek % 20ko beherapenak egingo dituzte ostiral honetan eta bidalketa doakoa izango da sareko dendan. Oysho barruko arropako markak ere % 20ko deskontua egingo du ostiralean kaleko dendetan, sareko dendan eta app-an. Bidalketa doan izango da, gainera.
Mangok Black Friday asteburu osora luzatu du % 30eko deskontua ezarrita bilduma osoari.
H&M enpresa suediarrak kaleko dendetan merkealdia egingo du ostiralean. 30, 40 eta 50 euro baino gehiagoko erosketa egiten dutenei, % 15, % 20 eta % 25eko deskontua ezarriko die, hurrenez hurren. Wegunean, prezio erdian izango ditu hainbat produktu (hiru egune, igandera arte). Cyber Monday egunari dagokionez, % 15eko promozioa edukiko dute produktu guztiek eta bidalketa gastuak doan izango dira.
Gazteentzako arropa egiten duen Springfield markak ostegun arratsaldean ekingo dio Ostiral Beltzari, eta igandera arte % 30eko deskontua egingo du webgunean saltzen diren produktuetan. Horrez gainera, ostiraletik igandera denda fisikoan bi arropa erosten dituztenei, erdia bakarrik kobratuko diete bigarrenean.
Women'secret barruko arropa saltzen duen etxeak ere % 30eko beherapena egingo du ostiraletik igandera kaleko saltokietan. Webgunean, % 50eko deskontua egingo diete arropa jakin batzuei, eta % 25ekoa, gainerakoei; bidalketa, gainera, doakoa izango da. Cyber Monday ospetsuan ere egongo dira maukak: erosketak egiteko 5 eta 15 euroko baleak emango dizkiete 25 eta 50 eurotik gorako erosteketak egiten dituztenei, hurrenez hurren.
Oinetakoak behar dituzula? Merkal Calzadosen % 20ko merkealdia egingo dizute, sareko zein kaleko dendetan, erosketak azaroaren 27a eta 29a bitartean egiten badituzu. Ziber astelehehean ere % 20ko deskontua egingo dute, baina webgunean bakarrik.
Decathlonek Black Friday eta Cyber Monday ospatuko ditu, webgunean % 60rainoko beherapenak eginda. Lau egunez (ostiraletik astelehenera) doako bidalketa eskainiko dute eta Decathlon txartela duten bezeroek 6 euroko erosketa-balea eskuratuko dute 'click@&recoge' bidalketa aukeratuta (dendan jasotzekoa). Aurreko denboraldiko hainbat produktu merkeago izango dituzte, gainera.
Saltoki handiak
Iaz eta duela bi urte bezala, El Corte Ingles saltoki handiek "aparteko deskontuak" eskainiko dituzte arlo guztietan Ostiral Beltzean hasi eta "hainbat egunez". % 30 eta % 50 arteko beherapena egingo dute ehunka produktutan.
Carrefour ere merkealdian egongo da azaroaren 27, 28, 29 eta 30ean, eta % 20 eta % 30 arteko deskontua egingo du teknologia, etxetresna, kirol eta kultura alorreko produktuetan eta Gabonetako apaingarri eta arropa askotan, Frantziako konpainiak Espainiako Estatuan dituen 700 saltokietan.
Leroy Merlin brikolaje eta etxeko eta lorategirako produktuak dituen saltokiak beherapenak egingo ditu azaroaren 27, 28 eta 29an "prezio bereziak" eskainita.
Kosmetika
The Body Shop kosmetika naturala eskaintzen duen dendak % 40 merkatuko ditu bere produktuak.
Honakoa da Sephorak Black Friday-erako prestatutakoa: % 20ko deskontua 30 euro baino gehiago xahutzen dutenentzat ostiraletik igandera, kaleko dendetan eta sarean.
Perfumerias IF taldeko online dendak doako bidalketa eskainiko du 15 euro baino gehiagoko erosketetan eta % 15eko merkealdia ezarriko die 115 euro baino gehiago gastatzen dutenei. Kaleko dendetan ere promozioak eskainiko ditu.
Jostailuak
Toys ’R’ Us kateak aste osoa hartuko du Black Friday ospatzeko. Hala, azaroaren 23tik 29ra % 50 merkatuko ditu aukeratutako hainbat produktu.
Horrez gain, azaroaren 30ean, Ziber Astelehenean, gutxienez bi jostailu eskuratzen dituzten sareko erosleei % 10eko beherapena egingo die. 70 euro baino gehiagoko erosketetan, bidalketa doakoa izango da, gainera.
Kultura
Promozioz jantziko du Casa del Librok Black Friday eguna. Liburu, eBook, eReader, tablet eta filmek deskontua izango dute kaleko dendetan eta webgunean.
Elkar Ostiral Beltza patuko du joko sorta baten prezioari % 50
Denda txikiak
Kaleko denda askotan merkealdia izango da ostiralean. Bilbon, esaterako, Zazpi Kaleetako 70 saltokik % 50rainoko deskontuak egingo dituzte; Bilbo erdigunean, 100 dendak baino gehiagok parte hartuko dute 'Bariku Beltzean'.
Iruñean, bestalde, 170 dendatik gora izango dira Black Friday ospatzen. Auzo hauetan izango dira beherapenak: Alde Zaharra, Zabalgunea, Iturrama, Mendillorri, Arrotxapea, San Juan, Ermitagana, Mendebaldea eta Martin Azpilcueta.