Gizartea -

Eguraldia

Abisu horia EAEn eta Nafarroan, elurra eta izotza dela eta

Errepide sare nagusia zabalik dago eta bigarren mailakoan kontuz gidatzeko gomendatu dute, elurra ari baitu.

Zuritutako tontorrak ikusi ditugu asteburuan. EFE
Zuritutako tontorrak ikusi ditugu asteburuan. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak larunbatetik indarrean dagoen abisu horiari eutsi dio astelehen honetan tenperatura baxuak, izotza eta elurra direla eta. Iluntzean 800-900 metro artean bota dezake elurra, eta barnealdean izotz handia egin du goizaldean.

Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, 18:00etatik 00:00etara botako du elur gehien, 1.000 metrotan bost zentimetroko lodiera aurreikusi dutelarik.

Goizaldean eta goizeko lehen orduetan, izotza egin du zenbait lekutan.

Nafarroan ere abisu horia dute, elurrarengatik. Foru erkidegoaren erdialdean eta Kantauri isurialdean botako du gehien. Tenperaturari dagokionez, zeroz azpitik 4-8 gradu arteko minimoak erregistratu daitezke.

Asteartean hodeiak ugaritu egingo dira. Dena den, goizean, tarteka, argiune politak irekiko dira. Arratsaldean, ostera, fronte berri bat sartu eta zerua estalita geratuko da, eta gauean euritara egingo du. Tenperaturan ez da aldaketa handirik espero eta barnealdean izotza egingo du.

Eusko Jaurlaritzak abisu horia ezarri du astearte gauerditik 09:00ak arte barrualdean, hotzagatik eta tenperatura baxuengatik.

Euskalmetek eguraldi zakarra iragarri du asteazkenerako. Euria barra-barra egingo du eta Kantauriar isurialdean litro dezente pilatuko da, bereziki ekialdean. Ipar-mendebaldeko haizeak oso gogor joko du, kostaldean eta mendi inguruetan bereziki eta ziertzoa ere zakar ibiliko da Ebro bailaran. Tenperatura, berriz, igo egin da.

Asteazkenean bi abisu hori izango dira indarrean: euriagatik eta itsasaldeko arriskuagatik. Euriari dagokion abisua Bizkaiari eta Gipuzkoari eragingo die eta 00:00etik osteguneko 00:00ak bitartean egongo da indarrean. Bestalde, itsasaldeko arriskua dela-eta ezarritako abisua goizeko bederatzietan aktibatuko da eta gauerdira arte iraungo du.

Elurra bigarren mailako errepideetan

Zirkulazioari dagokionez, sare nagusia zabalik dago. Elurra ari duela eta, bigarren mailako errepide hauetan kontuz gidatzeko gomendioa eman dun Jaurlaritzak: N-622 (Altube-Gastezi) errepidean eta Azazeta, Herrera, Opakua eta Gasteizko mendateetan.

Nafarroan, itxita daude NA-2012a (Otsagabia-Irati, 8. km-tik aurrera) eta NA-2011 (Salazar-Frantzia, 6. km-tik aurrera).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Gaurko albisteak Nafarroan Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Elurra