Gizartea -

Euskararen Eguna

'Linguae Vasconum Primitiae' lana beste sei hizkuntzatara itzuli dute

Bernart Etxepareren liburua polonierara, errusierara, finlandierara, nederlandera, hebreerara eta georgierara itzuli dute. Aurkezpena abenduaren 3an egingo dute, Euskararen Nazioarteko Egunean.

'Linguae Vasconum Primitae' liburua.
'Linguae Vasconum Primitae' liburua.
'Linguae Vasconum Primitae' liburua.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskararen Nazioarteko Eguna Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae lana beste sei hizkuntzatara (polonierara, errusierara, finlandierara, nederlanderara, hebreerara eta georgierara) itzuli dutela ezagutarazteko eta Koldo Mitxelenari omenaldia egiteko baliatuko dute Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak.

Euskararen Nazioarteko Eguna (abenduak 3) ‘Euskara Plazan!’ lelopean  egingo dute, “euskara plazan, etxean eta munduan bizirik dagoela adierazteko”, esan du Eusko Legebiltzarrak ohar baten bidez.

Bernart Etxepare eta Koldo Mitxelena izango dira ekitaldiko bi erreferentzia nagusiak. Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak eta Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidenteak zuzenduko duten ekitaldian, Linguae Vasconum Primitiae lanaren itzulpen berriak aurkeztuko dituzte.

Horrez gain, Koldo Mitxelena omenduko dute, euskaltzale eta euskaltzaina jaio zela 100 urte bete direnean.

“Koldo Mitxelenak zera esaten zuen: oztopoak oztopo, kalean gaude eta kalean jarraituko dugu, talentuz, inteligentziaz eta ausardiaz jarduten badugu, baina baita neurriz ere”, gogoratu du Legebiltzarrak.

Gasteizko Ganberak eta Euskaltzaindiak akordio bat sinatu zuten 2011n, besteak beste, liburuak elkarlanean argitaratzeko. Itun horren ondorioz, Lingaue Vasconum Primitiae liburua hainbat hizkuntzatara itzuli dute.

Lehendabiziko edizioan, gaztelania, ingeles, frantses, aleman eta italierara itzuli zuten, eta bigarren edizioan, galegoz, katalanez, errumanieraz, kitxuaz, txineraz eta arabieraz.

Legebiltzarreko ekitaldia

Hirugarren edizioaren aurkezpen ekitaldia Legebiltzarrean egingo dute, 09:00etatik aurrera, eta EiTBk zuzenean eskainiko du.

Etxepareren testuak polonieraz, errusieraz, finlandieraz, nederlanderaz, hebreeraz eta georgieraz irakurriko dituzte.

Liburu originalaren testuak, euskarazkoak, itsu batek irakurriko ditu, braillez idatzitako edizioari esker.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Euskararen eguna Eusko Legebiltzarra bideoak Kultura Gaurko azken ordukoa