Gizartea -
Ustezko sexu-abusuak
'Gasteizko irakaslearen aurkako ezer ez zegoela esan zigun fiskalak'
Haurrei sexu-gehiegikeriak egin zizkielakoan ikertutako irakaslearen auziari buruzko azalpenak eman dituzte Hezkuntza Saileko arduradunek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteizko zenbait ikastetxetan hiru eta bost urteko umeei ustez sexu-abusuak egiteagatik ikertutako irakasleari buruz galdetzerakoan, kasurik ez zegoela erantzun zion Arabako Fiskaltzak Blanca Guerrero Arabako Hezkuntza arduradunari.
Guerrerok eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak agerraldia egin dute Legebiltzarreko batzordean auzi honen harira hartu zituzten neurrien inguruko xehetasunak emateko.
Neskato baten aitak jarri zuen irakaslearen aurkako salaketa 2013an, bere alabari sexu-abusuak egin zizkiolakoan, baina kasua artxibatu egin zuten frogarik ez zelako.
Hala ere, Hezkuntza Sailak neurri “diskretuak” hartzea erabaki zuen, eta, umeen segurtasuna bermatzeko asmoz, irakasle horrekin batera une oro bi pertsona izan ziren. Baina ez zuten inolako jarrera okerrik antzeman. “Irakaslea ez dago inputatuta eta bere eskubide guztiak indarrean ditu”, gogoratu du Uriartek.
Gurasoek eskatuta, neskatoa ikastetxez aldatu zuten, eta, joan den urriaren 23an, irakaslea aldi baterako kargutik kendu zuten, komunikabideen bitartez kasua publiko egin zenean. Une horretan jakinarazi zioten irakasleari bera ikertzen ari zirela. Ordura arte ez zuen ezer jakin.
Ekainean, Gasteizko Udalaren Adingabeen Zerbitzuak ohartarazita, Arabako Fiskaltza ikastetxe ezberdinetan aipatu irakasleak ustez egindako sexu-abusuak ikertzen hasi zen.
Blanca Guerrerok eta Arabako fiskalburuak bilera egin zuen 2014ko urriaren 20an balizko sexu-gehiegikeria horien inguruan hitz egiteko. Hezkuntzako ordezkariak, baina, berretsi egin du batzar hartan fiskalburuak ez ziola gai horri buruzko daturik eman.
“Kasurik ez zegoela esan zidan; ez zegoela ezer. Ikerketa bat abian zegoela ez zigun inoiz esan”, azpimarratu du Guerrerok.
Cristina Uriartek aitortu du “koordinazio” falta izan dela eta bere departamentuak hobeto jardun behar duela. Hortaz, horrelako kasuetarako protokolo idatzi behar egingo dutela iragarri du.
Neskatoak eta ikertutako irakasleak aurten ikastetxe berean egoteari buruz galdetuta, Uriartek esan du ez dela inorentzako mesedegarria, baina hori saihesten saiatu izan balira, araudia urratuko luketela nabarmendu du, “irakasleak bere eskubide guztiak indarrean dituelako”.
Amaitzeko, Fiskaltzaren ikerketaren berri arinago izan balute, irakaslea lehenago kenduko zutela kargutik adierazi du.