Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
500 lanpostuko eskaintza publikoa proposatu du Hezkuntza Sailak
Postu guztiak DBHrako izango lirateke, eta probak 2016ko erdialdean egingo lituzkete.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) "500dik gora" lanpostuko eskaintza publikoa egitea proposatu die gaur sindikatuei. 2016ko erdialderako deituko lituzkete probak.
Hezkuntza Sailak ohar batean azaldu duenez, deialdian espezializazio guztiak kategoria bakarrean pilatzea proposatu die sindikatuei, Gasteizen gaur egin duten bileran.
Jaurlaritzaren esanetan, Espainiako Gobernuak baimendutako gehienezko kopurua eskaini nahi du, eta, oraindik ere behin betiko zenbakia ezin badu zehaztu ere, "500dik gora" izango dela aurreratu du.
Cristina Uriarteren Sailak uste du lan eskaintza publiko honek "egonkortasun handiagoa" emango diola sistemari.
Aurten, 275 lanpostuko eskaintza publikoa egin dute, Lehen Hezkuntzarako.
Sindikatuen kritika
ELAren esanetan, Hezkuntza Sailaren eskaintza "onartezina" da, eta gogorarazi du sistema publikoan "4.500 irakasle egonkortzeko beharra" dagoela.
"Horri gaineratu behar zaizkio azken urteetako murriztutako 1.500 lanpostuak", nabarmendu du.
Zentral abertzalearen ustez, Eusko Jaurlaritzak "6.000 lanpostu" eskaini beharko lituzke, "hezkuntza publikoaren beharrak asetzeko".
UGT iritzi berekoa da, eta eskainitako 500 lanpostuak ez direla "nahikoak" salatu du. Gainera, Lan Heziketan deialdirik egin ez dutela deitoratu du.
Bestalde, sindikatuak kritikatu egin du Jaurlaritzak hizkuntza profilen gaia beste bilera baterako utzi izana.
"Lan eskaintza publikoak ez du beteko EAEko hezkuntza sistemak duen beharra", ohartarazi du UGTk, eta bitartekotasun tasa % 30koa eta behin-behinekotasuna % 40koa direla ekarri du gogora.