Gizartea -
Zirkulazioa
10 ibilgailu bidetik irten dira Zigoitian (Araba), izotza dela eta
Hiru lagun zauritu dira. N-622 errepidea eta AP-68rako Altubeko sarbidea itxi dituzte, baina minutu batzuk geroago zabaldu dituzte.
EITB.EUS
Izotza dela eta, 10 ibilgailu bidetik atera dira gaur goizean N-622 errepidean, Zigoitia parean (Araba), Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
Hiru lagun zauritu dira, eta Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan dituzte, horren arabera.
Ezbeharrak 07:30 aldera jazo dira, Arabako herri horren parean (Aiurdingo tunelak pasatuta), Gasteizko noranzkoan.
Ibilgailuak bidetik kentzeko eta errepidea garbitzeko, N-622 errepidea eta AP-68rako Altubeko sarbidea itxi dituzte. 09:00etarako, baina, zabalik zeuden biak.
Istripua Beasainen
Horrez gain, hiru ibilgailuk istripua izan dute N-1 errepidean, Beasain parean (Gipuzkoa). Ezbeharraren ondorioz, auto-ilarak sortu dira, Gasteizko noranzkoan.
Talka 08:00ak aldera jazo da. Segurtasun Sailaren arabera, bi lagun zauritu dira, eta Zumarragako Ospitalera eraman dituzte.
09:00etarako, errepidea zabalik zegoen, baina pilaketak zeuden.