Gizartea -

Abortatzeko eskubidea

Osakidetzako mediku askok uko egiten diote abortuak egiteari

"Arrazoi etikoak" argudiatzen dituzte, eta, horrenbestez, sare publikoan haurdunaldia eteteko "zailtasunak" daudela aitortu du Jaurlaritzak.

Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazio bat, Bilbon. EiTB
Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazio bat, Bilbon. EiTB
Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazio bat, Bilbon. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Darpon Osasun sailburuak aitortu egin du Osakidetzako mediku askok uko egiten diotela abortuak egiteari, "arrazoi etikoak" argudiatuta. Gainera, ez dago inor prest "esklusiban" haurdunaldiak eteteko talde bat osatzeko.

Darponek Eusko Legebiltzarreko batzordean egin ditu adierazpenak, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen galdera bati erantzunda. Hain justu, abortu gehienak sare pribatuan zergatik egiten ote diren galdetu du. Izan ere, parlamentari abertzaleak azaleratu duenez, iaz 3.000 abortu baino gehiago egin zituzten EAEn, eta, horietatik, 551 baino ez izan ziren Osakidetzan.

Osasun sailburuak azaldu duenez, sare publikoan kausa medikoengatik haurdunaldiaren edozein unetan egin daitezkeen abortuak egiten dituzte, ospitaleratzea baitakarte, eta zailagoak baitira.

Aitzitik, haurdunaldiaren lehen 14 asteetan emakumeak eskatutako abortuak zentro pribatuetara bideratzen dituzte, arriskua txikiagoa baita.

Horren ildotik, Darponek zehaztu du azken kasu horietan bizkortasuna bermatu behar dela.

Halaber, abortuak Osakidetzan egiteko "hainbat zailtasun" daudela aitortu du sailburuak, "batez ere ez dagoelako esklusiban haurdunaldiak eteten lan egin nahi duen profesionalik".

Gainera, abortuak mediku guztien artean banatzen dituztenean, askok uko egiten diotela gaineratu du, "arrazoi etikoak" argudiatzen baitituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortuari Buruzko Albisteak Albisteak Osakidetza EAE albisteak Gaurko azken ordukoa