Gizartea -
Epaia
Kartzela-zigorra neska bat sexualki erasotzeagatik, Tolosan
Bi urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote, biktimari hainbat zirri egiteagatik.
agentziak | erredakzioa
Gizonezko batek bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra bete beharko du, neska bat sexualki erasotzeagatik Tolosan. Aipatu erasoan, biktimak hainbat zirri jasan behar izan zituen.
Kasuko epaiaren arabera, 2015eko apirilaren 12ko goizaldean gertatu ziren jazoerak (goizeko bostak eta seiak bitartean). Ordu horretan, prozesatua biktimaren atarian sartu zen, eta "ilunpetan" geratu zen itxaroten emakume bat noiz sartuko, "bere sexu-grinak asetzeko erabiltzeko asmoz".
Une horretan, 22 urteko biktima atarian sartu zen, bere etxera igotzeko asmoarekin. Orduan, akusatuak argiak piztu aurretiko unea aprobetxatu zuen biktimaren gainera joateko. "Biktimak ez zuen betarik izan hura saihesteko edota ihes egiteko".
Jarraian, akusatuak, "sorbaldetatik helduta", buelta eman zion eta "eskuak atzean jarri zizkion". Aldi berean, besoei esku batekin eusten zizkien bitartean, beste eskuarekin zirriak egiten hasi zitzaion behin eta berriz arroparen gainetik.
Neska ihes egiten saiatu zen, eta "oihu egiten eta amari deitzen hasi zen; horren aurrean, akusatuak atarritik hanka egin zuen".
Erasoaren ondorioz, neskak hainbat ubeldu eta zauri izan zituen, eta zazpi egun behar izan zituen sendatzeko. Horrez gain, tratamendu psikologikoa jaso behar izan zuen, eta gertaeraren eraginez antsietate nahasmendu arina dauka.
Kasuko epaiak eraso sexual baten erantzuletzat jotzen du akusatua. Hori dela eta, bi urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezartzen dio. Gainera, biktimarekin harremanetan jartzea eta berarengana hurbiltzea debekatzen dio, beste hiru urte eta sei hilez.
Halaber, zaintzapeko askatasuna ere ezartzen dio bi urte eta hiru hilez. Zaintzapeko askatasun horrek sexu-hezkuntzako prestakuntza-programa bat izango du ardatz gisa. Gainera, ezin izango du Tolosan bizi edota Tolosara joan.
Azkenik, gizonezkoak 6.808 euro ordaindu beharko dizkio kaltetuari.