Gizartea -
Elkarretaratze udaletxean
Emakume baten bortxaketa salatu du Donostiako Udalak
Udaleko talde politiko guztiek elkarretaratzea egin dute astelehen honetan, eta Donostiako eta Errenteriako alkateek babes juridikoa eskaini diote biktimari.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek (EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk, PPk eta Irabazik) elkarretaratzea egin dute astelehen honetan udaletxean, asteburuan emakume batek salatutako bortxaketa gaitzesteko.
Bost minutuko ekitaldi isila egin dute, 13:00etan, eta txalo artean bukatu dute protesta. Bertan izan dira, besteak, beste, Eneko Goia Donostiako alkatea, Imanol Lasa Aldundiko bozeramalea eta Julen Mendoza, Errenteriako alkatea (bertako da biktima).
Udaleko talde guztietako ordezkariak ere izan dira bertan: Jon Insausti(EAJ), Ernesto Gasco (PSE-EE), Miren Albistur (PP), Amaia Martin (Irabazi) eta Ricardo Burutaran (EH Bildu). Tartean ere protestan izan da Rafaela Romero sozialista.
Alkateak ''elkartasuna'' helarazi dio emakumeari, eta Udalaren laguntza eskaini dio. Horrekin batera, ??indarkeria matxistaren kontra?? Donostiako Udalaren konpromisoa ere azpimarratu du.
Bestalde, Julen Mendoza Errenteriako alkateak ere gaitzetsi egin du erasoa; ''gertatzen ari den guztiaren inguruan hausnarketa egin behar da'', gaineratu du.