Gizartea -
Bikotekidea hiltzea egotzita
Bilbon atxilotutako emakumeak Miribillako polizia-etxean jarraitzen du
Emakumea astearte honetan epailearen esku uztea ez dute espero, Bilboko Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.
eitb.eus
Bilbon astelehenean bikotekidea hiltzea egotzita atxilotu zuten emakumeak polizia-etxean jarraitzen du, eta astearte honetan epailearen esku uztea ez dute espero, Bilboko Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.
Antza denez, duela urtebete eskas bikotekidearen aurkako salaketa aurkeztu zuen emakumeak, zenbait komunikabideren arabera. Hala ere, ikerketako arduradunek ez dute informazio hori baieztatu.
40 urteko gizona zauriturik eta oinez heldu zen astelehenean Udaltzaingoaren polizia-etxera, bikotekideak eraso ziola salatu zuen, eta udaltzainek 35 urteko emakumea atxilotu zuten.
Udaltzaingoaren esanetan, 01:55 aldera agertu zen gizona, sabelean sastada bat zuela, Harrobi kaleko polizia-etxean, San Frantziskon, inguruan bizi baitzen, eta bikotekideak zauritu zuela esan zuen.
Gizona Basurtuko ospitalera eraman zuten, eta hura suspertzen saiatu ziren medikuak, baina ez zuten lortu eta hil egin zen. Udaltzaingoak minutu batzuk geroago atxilotu zuten emakumea. Atxilotua Miribillako polizia-etxean dago, epailearen esku uzteko zain.