Gizartea -

Nafarroan

Suhiltzaile bat intoxikatu da Goizuetan izandako sute batean

Bart piztu bada ere, oraindik ez dute mendean hartu, hego-haizea eta tenperatura epela dela eta.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Suhiltzaile bat intoxikatu da Goizuetan (Nafarroa), mendigune batean piztutako sute batean, kea arnastuta, Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Sua atzo 20:30ean piztu zen Mandoegi mendiko hegal batean, Leitza eta Goizueta artean, gune malkartsu batean.

Inguruaren orografiak eta baldintza meteorologikoek (hego-haize zakarra, tenperatura epela eta hezetasun maila txikia) zaildu egin dute suhiltzaileen lana sua amatatzeko, eta gaur ere zeregin horretan dabiltza.

Cordovillako parkeko suhiltzaileak eta Goizuetako suhiltzaile boluntarioak ari dira bertan lanean, eta, hain zuzen, azken horietako bat artatu behar izan dute, kea arnastu ondoren ondoezik sentitu baita. Intoxikazio arina omen du, baina Donostiako Ospitalera eraman dute anbulantzian, badaezpada.

Nafarroako Gobernuaren esanetan, baldintza meteorologikoak aldatzen badira, sutea aire bidezko bitartekoekin amatatzen saiatuko dira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Suteak gaur Gizartea albisteak Albisteak Gaur Hondamendi naturalak albisteak Albisteak Sua amatatzeko lanen azken ordukoa