Gizartea -

GASTEIZ

Entrenatzaile bat atxilotu dute Gasteizen sexu-abusuak egitea egotzita

Entrenatzera eta lehiatzera joateko egiten zituzten bidaiak baliatzen omen zituen abusuak egiteko, adingabeak berekin lo egitera gonbidatu ondoren.

Adin txikiko 3 neskek entrenatzailea salatu dute sexu abusuengatik

1:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

26 urteko kirol-entrenatzaile bat atxilotu dute Gasteizen, hiru adingaberi sexu-abusuak egin dizkielakoan. Ertzaintza kasua ikertzen ari da, eta ez du baztertzen biktima gehiago egotea.

Epailearen aurretik igaro ondoren, aske utzi dute ustezko erasotzailea, biktimengandik urruntzeko agindua ezarrita. Pasaportea erretiratu diote, behin-behinean, eta Gasteizko Epaitegian agertu beharko du hamabostean behin, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Hiru adingabek salaketa jarri ondoren atxilotu dute, asteartean. Salaketa horien arabera, entrenatzera edo lehiatzera joateko egiten zituzten bidaiak baliatzen zituen entrenatzaileak adingabeei abusuak egiteko.

Adingabe horiek salatu dutenez, "tratu berezia" eskaintzen zien entrenatzaileak, eta berekin lo egitera eta harreman intimoak izatera gonbidatzen zituen kanpoan zeudenean. Bere eskariei uko eginez gero, gainerako taldekideen aurrean mespretxatu eta gutxietsi egiten zituen, horien esanetan.

Entrenatzailea Ertzaintzaren polizia-etxera eraman zuten asteartean, eta atzo iluntzean jarri zuten epailearen esku. Deklaratu ondoren, baldintzapean aske uztea erabaki zuen epaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Salaketak bideoak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa