Gizartea -
Gabonak
Olentzero eta Mari Domingi hartuko ditu gaur arratsaldean Donostiak
Bostehun bat pertsona izango dituzte lagun hirian barrena egingo duten ibilbidean.
Agentziak | Erredakzioa
Olentzero eta Mari Domingi gaur helduko dira Donostiara, eta ez dira bakarrik egongo, bostehun bat lagun izango baitituzte aldamenean hiritik zehar dabiltzanean. Aurretik baina, haurrekin egongo dira Konstituzio plazan.
Gauzak horrela, bazkalostean helduko dira Santa Maria elizako atarira, euren baserritik jaitsi ostean.
Jarraian, 16:00etatik aurrera, haurrekin bilduko dira Konstituzio plazan: marrazki-tailerrak egin eta gaztaina egosiak banatuko dituzte.
18:00etan ekingo diote hirian zehar egingo duten ibilbideari, 500 pertsona baino gehiagoz osatuta egongo den segizioarekin. Boulevardetik eta honako kale hauetatik igaroko dira: Hernani, Loiola, San Martzial, Getaria, Askatasunaren hiribidea, Txurruka, Gipuzkoa plaza, Elkano, Boulevard. Alderdi Ederren bukatuko dute, udaletxearen aurrean.
Aurten berrikuntza bat izango da, Olentzeroren karrozari ez baitiote idiek tiratuko, ibilgailu batek baizik. Olentzero eta Mari Domingirekin batera galtzagorriak joango dira, baita eta artzain talde batzuk ere, soinua ateratzen duten makilekin. Ardiak, ahuntzak eta astoak ere izango dira, opariz beteak. Desfilean, Olentzero eta Mari Domingiren aurretik, honako talde hauek parte hartuko dute, besteak beste: Antigua-Luberri, Arantzazuko Ama, La Anunciata, Manuel de Larramendi, Xabier Zubiri-Manteo, Trumoiak, Eskola Dantza Taldea, Gero Axular Dantza Taldea eta Zuhaizti.
100 kilo ikatz eta 500 kilo goxoki banatuko dira, zeliakoentzat. Harreran, diabetikoentzako goxokiak ere izango dira. Gune bat prestatuko da, Hernani kalean, Liburutegi Nagusiarekiko kantoian, mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonek desfilea eroso ikusi ahal izateko.