Gizartea -
Gertakaria
Basurtuko Ospitalean atxilotuta dute ahizpa ustez hil duen emakumea
Ospitaleko psikiatria gunean atxilotzeko agindua eman du epaileak. Lehen ikerketen arabera, eztabaida izan zuten bi emakumeek, 91 eta 86 urtekoek, eta ondoren, batek lepoa moztu zion besteari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Basurtuko Ospitalean atxilotuta dute 86 urteko ahizpa ustez hil duen emakumea. Hain zuzen ere, Ospitaleko psikiatria gunean atxilotzeko agindua eman du epaileak, 91 urteko emakumeari deklarazioa hartu ondoren.
91 urteko emakumeak ustez bere ahizpa hil zuen atzo, 86 urtekoa, Bilbon, lepoa moztuta. Polizia iturriek jakitera eman dutenez, Bilbo erdiguneko etxebizitza batean izan zen gertakaria, Jose Olabarria kalean, 11:45 inguruan.
Bi emakumeon senitarteko batek deitu zuen larrialdi zerbitzuetara, abisua emateko. Antza, ustezko hiltzaileak telefonoz deitu zion, gertatutakoaren berri emanez.
Lehen ikerketen arabera, eztabaida izan zuten bi emakumeek, eta ondoren, batek lepoa moztu zion besteari. Ustezko erasotzaileak ere hainbat zauri zituen, eta Basurtuko Ospitalera eraman zuten. Han izan zuten atxilotuta, hilketa delitua egotzita, eta, deklarazioa hartu ondoren, psikiatria gunean atxilotzeko agindua eman du gaur epaileak.