Gizartea -
Kronika
Amorebietako herritarrek dena eman zuten Iker topatzeko
Ehunka herritar kalera atera ziren lehen unetik, bat-batean, 12 urteko umea bilatzeko. Ertzaintzak onik topatu zuen atzo arratsaldean, Lemoan.
Erredakzioa
Astelehenean Amorebieta-Etxanon desagertu zen 12 urteko mutikoaren istorioak amaiera zoriontsua izan du azkenean. Ertzaintzako patruila batek atzo arratsaldean topatu zuen, onik, Lemoako Gandarias auzoaren baso-bide batean.
Guztira 20 orduko ezinegona izan zen Iker txikiaren sendiarentzat, baina Amorebietako herri osoarentzat ere. Izan ere, auzokideak lehen unetik atera ziren kalera, haren bila.
"Hori da izan dugun ikasgaia. Amorebietako herriak dena eman zuen era ikusgarrian, etsi-etsian eta bat-batean", txalotu du David Latxaga alkateak, atzo arratsaldean Radio Euskadiko "Graffiti" saioan egin zioten elkarrizketa batean.
Senideek umearen bila joateko deia egin zieten auzokideei, eta herriak erantzun egin zuen: "Horren denbora gutxitan, 50 pertsona inguru espero genituen. Beraz, zirraragarria izan da 350 pertsona ikustea, lanean baimena eskatu zutenak edo egunerokoak alde batera utzi zituztenak".
"Ni hunkitu egin naiz daukagun herriarekin. Herri honetan sinesteko beste arrazoi bat daukagu", gaineratu du Latxagak. Halaber, "Ertzaintza, SOS Deiak, Udaltzaingoa, DYA eta Gurutze Gorria" ere txalotu ditu, haien lana "ikusgarria" izan baita.
Alkateak hitzak jarri izan nahi izan dizkio Ikerren agerpenaren berri izan zutenean herritarrek izan zuten zoriontasunari: "Poztasun handia izan zuten, Athleticek Txapeldunen Liga irabazi balu bezala".
Hain justu, Athleticek berak prentsa-ohar bat kaleratu zuen atzo arratsaldean, poza agertzeko.
Bilatze lanak
Iker 16:30ean topatu zuen Ertzaintzak, Lemoako baso-bide batean. Astelehenean desagertu zen, 20:30ean, etxera bidean zegoela.
Hedabideek publikatutako datuen eta deskribapenei esker, Lemoako herritar batzuek Iker ikusi zutela esan zioten Ertzaintzari, eta agenteak hara bertaratu ziren. Amaiera, denok dakiguna. Umeak etxola batean pasatu zuen gaua, eta aurkitu zuten unean gose zen eta nekatuta zegoen, etxera itzultzeko irrikitan.
Orain, gurasoekin dagoela, Iker "lasai" utzi beharra dago, alkateak gogorarazi duenez.