Gizartea -
Astelehenean
100 kilo kokaina topatu dituzte txatar edukiontzi batean, Usurbilen
Edukiontzia Bilboko portutik heldu zen Usurbilgo galdategi batera. Kontainerra Uruguatik heldu zen Bizkaiko hiriburura.
Agentziak | Erredakzioa
Ehun bat kilo kokaina aurkitu dituzte txatar edukiontzi batean, Usurbilgo (Gipuzkoa) galdetegi batean, Diario Vasco eta El Correo egunkariek gaur jakitera eman dutenez. Kontainerra Bilboko portutik ekarri zuten, eta Uruguatik heldu zen Bizkaiko hiriburura.
Operazio bat zabalik duela baieztatu du Ertzaintzak, droga kopuru handia Gipuzkoako enpresa horretan topatu ondoren.
Bi egunkarien arabera, galdategiko langileek droga astelehenean aurkitu zuten. Freskagarri potoak zituzten 90 paketetan ezkutaturik agertu zen kokaina.
Sutara
Kutxatzar metaliko bateko edukia sutara bota zutenean droga bertan zegoela ohartu ziren beharginak; izan ere, ohikoa ez zen kea ateratzen zen sugarretatik.
Horregatik, labea aztertu eta zenbait pakete topatu zituzten, ondoren gehiago aurkitu zituzten edukiontzian. Azken orduetan Ertzaintzaren txakurrek lantegia miatu dute droga gehiagoren bila, egunkariek gaineratu dutenez. Orain arte ez dute inor atxilotu.