Gizartea -
Otsailaren 21etik desagertuta
Boluntario talde bat, desagertutako mendizaleen bila Pirinioetan
Erreskate taldeek bertan behera utzi zituzten bilaketa lanak elur-jausien arriskuagatik. Senideek 70 lagun bildu dituzte mendizale nafarrak aurkitzeko.
Erredakzioa
Frantziako Pirinioetan, Hiru erregeen mahai inguruan, desagertutako bi mendizale nafarren senideek bolondres talde bat bildu dute erreskate taldeen lanekin jarraitzeko.
Iragan otsailaren 21ean, Armando Nieto eta Alfonso Gonzalez Iruñeko bi mendizale Billare tontorretik hurbil desagertu egin ziren. Hiru egunean zehar eremua arakatu ostean, erreskate taldeek bertan behera utzi zituzten bilaketa lanak elurra urtu arte, elur-jausien arriskua dela eta. Ustez, bi mendizaleak horrela hil egin ziren.
Egoera arriskutsua izan arren, senideek ez dute haien helburua bertan behera utzi eta 70 bolondresekin talde bat antolatu dute. Suhiltzaile eta txakur erreskate taldeko kide batzuekin bilaketari ekin diote.Taldea Villares mendiko aterperaino heldu da eta bertan banatu egin dira mendian zehar.
Elur-jausi gunea arakatzen ari dira, izotz geruza hautsi eta txakurrek desagertutako mendizaleen aztarna aurkitu dezaten.