Gizartea -

Isabel Carrascoren hilketa

Carrascok alabari jazarpena egin ziola esan du Montserrat Gonzalezek

Bestalde, Raquel Gago udaltzainaren kontrako frogak halabeharrezkoak direla argudiatu du haren abokatuak. Horregatik, errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eskatu du defentsak.

Fiskalak aurretiazko izapideak aurkeztu ditu gaur. EFE.
Fiskalak aurretiazko izapideak aurkeztu ditu gaur. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Krimena aurrera eramateko “eskubiderik ez” zegoela onartu du Montserrat Gonzalezen eta Triana Martinezen defentsak, baina lehenengoak armaren katua “alabagatik” sakatu zuela esan du, biktimak Martinez “jazarri” zuelako.

Jose Ramon Garcia abokatuak epaimahaiaren aurrean hitza hartu du epaiketan, Leongo Lurralde-auzitegian. Montserrati zortzi urte eta erdiko espetxe-zigorra ezartzea eta Triana haren alaba aske uztea eskatu du defentsak, azkenak burua galduta jokatu zuelako.

Hilketa delitu bat dela onartu du defentsak, fiskalak eta akusazioek esan bezala, baina auzian Carrasco epaitzeko saiakeran ari direnik ukatu du, gainerako aldeek aurpegiratu bezala.

Bestalde, Raquel Gago udaltzainaren kontrako frogak halabeharrezkoak direla argudiatu du haren abokatuak. Horregatik, errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eskatu du defentsak.

Fiskala: "Hiru auzipetuek erantzukizun maila bera izan zuten hilketan"

Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidentea hiltzea egotzita epaitzen ari diren hiru akusatuek erantzukizun maila bera izan zuten, Fiskalaren arabera. Are gehiago, "hoztasun eta zehaztasun izugarriz jokatu zuten", azpimarratu du.

Emilio Fernandez fiskalak nabarmendu duenez, "hiltzea ez da erraza" eta "hilketa izan zen, inolako zalantzarik gabe, biktimak ez zuelako inolako aukerarik izan bere burua defendatzeko".

Biktima garrantzi politikoko pertsona zenez eta hilketa egun argiz egin zutenez, hilketa ez zen gauzatuko "guztien laguntzarik gabe".

Atzo hasi zen Isabel Carrascoren hilketaren inguruko epaiketa, eta egitateen aurretiazko kalifikazioa egin du gaur fiskalak. Fiskalak 23na urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuentzat.

Akusatuen aulkian hiru emakume eseri dira: Montserrat Gonzalez (60 urte), Isabel Carrascori tiro egin ziola aitortu zuen emakumea; Triana Martinez, Montserrat Gonzalezen alaba (36 urte); eta Raquel Gago, Leongo udaltzaina (42 urte).

Halaber, fiskalaren hitzetan, hiru akusatuak "ez daude erotuta", baina "gorroto handia" zioten Isabel Carrascori.

Montserrat Gonzalez: "Carrascok sexu jazarpena egin zion nire alabari"

Deklarazioen txandan, Montserrat Gonzalezek azaldu du Isabel Carrasco eta bere alaba ondo konpondu zirela bi urtez, PPko buruzagiak sexu jazarpena egin zion arte.

Trianaren amak nabarmendu nahi izan du alabak "jazarpen sinesgaitza" jasan zuela Carrascoren partetik.

"Carrasco Diputaziora heldu zenean, gaiztoa zela eta horrekin arazoak izango zituztela esaten zen, baina Triana eroso zegoen; ondo konpontzen ziren", azaldu du.

"Noiz hasi ziren arazoak?", galdetu dio abokatuak, eta 2010eko urtarrilean, Carrascok Trianari deitu ziola zehaztu du Gonzalezek. Horren kontakizunaren arabera, alaba Leongo Diputazioko presidentearen etxera joan zen, eta, bertan, Carrascok sexu harremanak izatea proposatu zion. "Korrika egin zuen ihes [Triana Gonzalezek], eta orduan hasi ziren arazoak", erantsi du.

Halaber, Montserrat Gonzalezek aitortu duenez, Carrascok Leongo Diputazioko presidente karguan jarraituko zuela ohartu zenean erabaki zuen hiltzea, alabari "jazarpena egiten" jarraituko zuela uste baitzuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea