Politika -

Hilketa

'Mendeku pertsonala', Isabel Carrascoren hilketaren hipotesi nagusia

Valencianoren eta Cañeteren arteko debatea ostegunera atzeratu dute. Polizia arma bilatzen ari da Bernesga ibaiaren inguruetan. Alderdiek, PPk izan ezik, hauteskunde kanpainari ekingo diote gaur.

Gertaerak izan diren lekua, Leonen. EFE
Gertaerak izan diren lekua, Leonen. EFE
Mendekua egon liteke Isabel Carrascoren hilketaren atzean

1:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Mendeku pertsonala" izan da Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidentea hiltzeko arrazoia, Poliziaren hipotesi nagusiaren arabera. Poliziak bi emakume atxilotu zituen atzo, ama-alabak, Carrascoren hilketarekin zerikusia dutelakoan.

Atxilotuetako bat, alaba, orain bi urte kaleratu zuten Diputaziotik, baina, dirudienez, emakumeak epaitegira eraman zuen kaleratzea, kalte-ordaina eskatzeko. Iragan astean, epaileak bertan behera utzi zuen haren eskaera. Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidentea atzo hil zuten, etxetik gertu, Leonen.

Polizia Nazionaleko Operazio Berezietarako Taldeetako (GEO) zenbait agente Bernesga ibaian dira, Leonen, tiroketa jazo zen pasabidearen inguruan, armaren bila.

Pasabideak La Condesa Pasalekua eta Salamanca Etorbidea lotzen ditu, eta gaur goizean zabaldu dute berriro oinezkoentzat. Halere, ibaiaren bi aldeak itxita daude, Poliziak uste baitu tiroak bota zituenak inguru horretan bota zuela arma.

Lekukoek azaldu zutenez, 17:20an emakume batek hiru aldiz tirokatu zuen Isabel Carrasco, Leongo Diputazioko eta Leongo PPko presidentea, ibai baten gaineko pasabide batean. Ondoren, bi pertsona atxilotu zituzten, Leongo Diputazioko presidentearen hilketarekin zerikusia izatea egotzita.

Isabel Carrascoren hil-kapera goizeko 11:30etan ireki dute.

Telebista debatea

Miguel Arias Cañete eta Elena Valenciano PPko eta PSOEko hautagai nagusien arteko debatea atzeratu egin dute eta, azkenik, maiatzaren 15ean, osteguna, egingo dute, bi alderdietatik informatu dutenez.

Oscar Lopez PSOEren hauteskunde kanpainaren koordinatzaileak RTVEri esan dio, bere ustean, Miguel Arias Cañete eta Elena Valencianoren arteko debatea ezin dela gaur egin, Carrascoren hilketak eragindako harriduragatik.

Sozialisten arabera, Lopezek RTVEri eta Telebistaren Akademiari data berri bat jartzeko eskatu die, debatea egiteko.

Bestalde, gaur goizean, PPk jakinarazi du gaur gauean debatea egiteko asmoa duela, bere iritzian, "ekitaldi informatiboa da, ez mitin bat egitea bezala". Azkenik, debatea atzeratu egin da.

Polizia armaren bila, Bernesga ibaian. Irudia: EFE

Atxilotuak Espainiako Poliziako inspektore baten emaztea eta alaba (55 eta 35 urte dituzte, hurrenez hurren) dira, baina oraindik ez dute esan zer-nolako inplikaziorik izan duten hilketan. Barne Ministerioaren lehen hipotesiaren arabera, "mendeku pertsonala" izan da. Montserrat Triana Martinez Gonzalez eta haren ama, bi atxilotuak, Alderdi Popularreko militanteak dira.

Poliziaren iturrien esanetan, oraindik baieztatu gabe badago ere, amak hiru tiro eman omen zizkion Carrascori, eta, ondoren, ihes egiten saiatu zen, 150 metrora zuen autoa erabiliz. Polizia erretiratu batek, baina, tiroketa ikusi omen zuen, eta horri esker atxilotu zituzten bi susmagarriak.

Ihes egiteko erabili nahi zuten autoaren barruan, eskularru batzuk eta txano bat aurkitu omen zituen Poliziak, baina ez dute arma aurkitu. Ondorioz, oraindik ezin izan dute baieztatzu hilketa egiteko erabili omen zuten arma atxilotu dituzten emakumeen senidearena den. Inspektorea Astorgako Polizia-etxeko burua da.

Gertaerak eragina izan du hauteskunde-kanpainan

Gertaerak hauteskunde-kanpainari ere eragin dio. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea Valladoliden mitin bat ematekoa zen atzo, baina  bertan behera utzi zuten.

Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusia astearte honetan joango da Leonera, alderdikideei babesa emateko. Extremaduran ekitaldi bat zuen atzo, Jose Antonio Monago erkidegoko presidentearekin batera, eta bertan zeudenei minutu bateko isilunea eskatu zien, Leongo Diputazioko eta PPko presidentearen heriotzagatik.

EAJk, PSOEk, UPyDk eta IUk ere hauteskunde-kanpainako ekitaldi guztiak bertan behera utzi zituzten.

Edonola ere, euskal alderdi guztiek, PPk izan ezik, kanpainari ekingo diote gaur berriro ere.

.

Isabel Carrasco hil zuten tokia Leon

Elkartasuna

Iñigo Urkullu lehendakariak "harridura eta nahigabea" agertu zuen, Leongo Diputazioko presidentearen hilketaren harian.

Nafarroako Gobernuak ohar bat bidali dio Leongo Diputazioari, Isabel Carrascoren heriotza gaitzesteko.

Bestalde, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak esan du, orain arte, "filma estatubatuarretan bakarrik" ikusi izan direla "mota horretako magnizidioak".

Mariano Rajoy presidentea "atsekabetuta" azaldu da, eta "bat eginda egoteko unea" dela azpimarratu zuen.

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak hilketa gaitzetsi zuen, "elkartasuna" agertu zuen eta "besarkada bat" bidali zien Jaendik (mitin bat eman behar zuen bertan) PPko militante eta buruzagiei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Delituak argazkiak Espainia argazkiak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Erailketak