Gizartea -

Sindikatuen arabera

Langileen % 85ak eskoletako jantokien greba jarraitu du

Bizkaian izan da jarraipenik altuena, langileen % 92k lanuztean parte hartu du. 55.000 ikaslerengan izan du eragina grebak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB, ELA, CCOO eta UGT, grebara deitu duten sindikatuek, % 85ean zenbatu dute EAEko eskoletako jantokien lanuztearen jarraipena. 55.000 ikaslerengan eragina izan duen greba 3.500 langile inguruk jarraitu dute.

Sindikatuek urte baten 12. grebaren eragin orokorra azpimarratu dute. Bizkaian % 92ko jarraipena izan du, % 91 Gipuzkoan eta % 71 Araban.

Langileak Bilboko Moyua plazan bildu dira eguerdian "ogitarteko gutxiago eta negoziaketa gehiago" eskatuz.

Ziortza Ameztoi langileen bozeramaleak adierazi duenez, biharko bilera patronalaren eskaintza zehatza ezagutzeko eta benetako lan-hitzarmena negoziatzeko balio izatea espero dute, greba egunak bertan behera uzteko helburuarekin.

Hala ere, bilera arratsaldean jartzerakoan, asteazkenerako antolatutako grebaren deialdia bertan behera uztea zaila izango dela ohartarazi du Ameztoik.

Patronalarekin egindako azken bilera iragan ostiralean izan zen baina batzar ordutegia besterik ez zuten ezarri.

"Patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera aldatzea eta greba hau azkena izatea espero dugu. Horrela ez bada, datorren martxoaren 17an ezarrita dauden grebekin jarraitu beharko dugu", gehitu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea