Gizartea -

Polizia-operazioa

Hiru atxilotu Bilbon, kalamu elkarte baten bidez trafikatzea egotzita

Udalak jakitera eman duenez, elkarteak, praktikan, legez kanpo saltzen zuen marihuana, eta horregatik egin zuten operazioa.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udaltzaingoak hiru gizonezko atxilotu zituen astelehenean droga-trafikoaren kontrako operazio batean, Ametzolan. Udalak azaldu duenez, kalamu elkarte baten bitartez, legezko kontsumoa bideratzeko asmoa zuten itxurak eginez, legez kanpo saltzen zuten marihuana.

Herritar batzuen salaketa jaso ondoren, Udaltzaingoak bi hilabeteko ikerketa egin du, eta zainketa berezia egin dio elkarteari. Hala, hiru pertsona atxilotu eta taberna bat, auzipetu nagusiaren autoa eta marihuana saltzeko erabiltzen zuten lokala miatu dituzte.

Miaketa horietan, kilo eta erdi marihuana, kilo erdi kalamu eta dirutza atzeman omen dituzte.

Auzipetuetako bat elkartearen burua da, eta aurrekariak ditu droga-trafikoagatik. Dagoeneko epailearen esku utzi dituzte, eta lokala itxita dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Drogak Eguneko albisteak