Gizartea -
Epaiketa Leonen
Carrascoren krimenarekin loturarik duela ukatu du hiltzailearen alabak
"Amak esan zidan: Carrasco ikusten ari naiz, bukatu egingo dut dena", deklaratu du Triana Martinezek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Triana Martinezek, Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidentearen ustezko hiltzailearen alabak, ukatu egin du krimenean parte hartu izana, baina aitortu egin du bazekiela amak PPko politikaria hil nahi zuela.
Epaiketaren bigarren egunean, gazteak azaldu du amak esan ziola "nazkatuta" zegoela Carrascorekin, baina hilketa ez egiteko konbentzitzen saiatu zela esan du. "Arazotan ez sartzeko esan nion", azaldu du.
Martinezek aitortu egin du 2014ko maiatzaren 12an amak deitu egin ziola telefonoz, Carrasco ikusi zuela eta hil egingo zuela esateko. "Amak esan zidan: Carrasco ikusten ari naiz, bukatu egingo dut dena", deklaratu du andreak.
Horren ostean, ama zegoen lekura bertaratu zela kontatu du, eta, bertan, arma barruan zuen poltsa botatzen ikusi zuela erantsi du, eta hartu egin zuen.
Martinezen kontakizunaren arabera, ondoren Raquel Gago udaltzainarekin egin zuen topo, eta horren autoan utzi zuen zorroa, hark jakin gabe barruan arma zegoela. "Nire asmoa zen geroago itzultzea poltsa hartzeko, baina berehala atxilotu ninduten".
Bestalde, Martinezek deklaratu du Carrascok ez ziola plaza eman Diputazioan, uko egin baitzion harekin sexu-harremanak izateari.
Azkenik, Raquel Gagok ukatu egin du autoan Martinezek utzi zion poltsan arma hiltzailea zegoela bazekiela.