Gizartea -

Nafarroako Auzitegiak

Nagore Laffageren hiltzailearen epaia berretsi du Auzitegiak

Nafarroako Auzitegi Nagusiak Jose Diego Yllanes-en kontra ezarritako 12 urte eta erdiko kartzela zigorra berretsi du, 2008ko Sanferminetan Nagore Laffage gaztea hiltzeagatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Auzitegi Nagusiak Jose Diego Yllanes-en kontra ezarritako 12 urte eta erdiko kartzela zigorra berretsi du, 2008ko Sanferminetan Nagore Laffage gaztea hiltzeagatik.

Erabaki horrekin, baztertu egin dituzte defentsak eta akusazio partikularrak eta popularrak Yllanesen kontrako ebazpenari aurkeztutako helegiteak. Gazte nafarrari 12 urte eta erdiko zigorra ezarri zioten homizidioa leporatuta, 2008ko uztailaren 7an gazte irundarra hiltzeagatik.

Hasierako ebazpenean, herri-epaimahai baten erabakian oinarrituta epaileak emandakoan, Yllanes errudun jo zuten homizidioagatik, baina ez hilketagatik, akusazioek kontrakoa eskatu arren.

Ebazpenaren kontrako helegitea jarri zuten alde guztiek (defentsak, Laffageren izenean akusazio partikularrak eta Iruñeko eta Irungo udalen, Gipuzkoako Aldundiaren eta Nafarroako Gobernuaren izenean herri-akusazioak), fiskalak izan ezik.

Juan Manuel Fernandez Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak eta Alfonso Otero ebazpeneko epaile txostengileak azaldu dutenez, ezin dituzte epaimahaiak frogatutako egitateak aldatu, eta beraz, ezin dute hilketatzat jo, akusazioak eskatu zuen bezala; legearen arabera, egiazko kontaketa ezartzeko burujabea da herri-auzitegia.

Ebazpenaren aurka helegitea aurkezteko aukera dago orain Auzitegi Gorenean. Gainera, epaiak kontrako boto bat jaso du, Jose Antonio Alvarez epailearena, hain zuzen ere. 12 urte eta erdiko kartzela-zigorra ondo ezarrita dagoela, baina epaimahaiak inguruabarren maltzurkeria kontuan hartu behar izan lukeela uste du Alvarezek; eta beraz, gertaera hilketatzat jotzea.

Hasierako epaia2008ko uztailaren 7an Yllanes eta Laffage ezustean aurkitu, gaztearen etxera elkar joan zirela eta sexu harreman "beroa" hasi zutela frogatutzat jo zuen hasierako epaiak.

Gaztearen bortizkeria eraso sexualtzat jo zuen Laffagek eta bere "ibilbide profesionala suntsitzearekin eta bere jokabidea salatzearekin" mehatxatu zuen; horren ondorioz, Yllanesek Nagore kolpatu eta ito zuen, eta gorpuaz errazago desegiteko zatikatzen saiatu zen.

Geroago, Yllanesek gorpua bildu eta etxea garbitu zuen; horretarako lankide bati bere laguntza eskatu zion eta horrek ezetz esan eta poliziarengana joateko gomendatu zion, baina poliziarengana jo ordez, Sorogaineko bazter batera eraman zuen gorpua eta biktimaren hainbat gauza. Azkenik, Yllanes toki horretan aurkitu zuten ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea