Gizartea -
'Java' operazioa
Mafiako 24 atxilotuak galdekatzen hasi da Marlaska
Osteguna baino lehen galdeketak amaitu nahi ditu Auzitegi Nazionaleko epaileak. Lashar Shushanasvili Georgiako mafiaren buruzagiak ihes egitea lortu zuen Grezian.
Erredakzioa
Espainian, ''Java'' operazioan, atzo atxilotutako mafia errusiar-georgiarreko 24 ustezko kideak galdekatzen hasi da gaur Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epailea. Europako beste bost Estatutan 80 lagun atxilotu zituzten.
Atxilotutako 24 lagunetatik 14ri galdeketa egiten hasi zaie Marlaskak. Iturri juridikoen arabera, osteguna baino lehen galdeketak amaitu nahi ditu epaileak.
Zilegi ez den elkartea osatzea, dirua zuritzea, bortxaketa, estortsioa, droga-trafikoa eta armak edukitzea egotzi diete atxilotuei, baina hiltzeko konspirazioa egitea lepora diezaiekete ere.
Marlaskak koordinatutako ''Java'' operazioan mafiako 15 kide atxilotu zituzten Bartzelonako probintzian, besteak beste, Kakhaber Shushanasvili bandako buruzagietako bat. Katalunia mafiaren operazio zentroa zen.
Gainera, Polizia Nazionalak beste lau lagun atxilotu zituen Valentzian, eta beste lagun bat Guadalajaran. Bien bitartean, Ertzaintzak mafia sareko lau kide atxilotu zituzten EAEn, besteak beste, kontularia.
Buruzagiak ihes egin zuen
Hala ere, Lashar Shushanasvili Georgiako mafiaren buruzagiak ihes egitea lortu zuen atzo Grezian, Eloy Quiros UDYCOko komisarioak jakitera eman duenez. Ustezko buruzagiak Zakhar Kniazevich Kalashov ordezkatuko du Errusiako mafia sarearen buruzagitzan. Kalashov fidantzapean aske da Espainian, epaiaren zain.