Gizartea -
Pedofilia
Jose Angel Arregiren ikasle ohiek haren abusuak salatu dituzte
"Prakak jaistera behartu eta ipurdian jotzen gintuen", diote. Euskal erlijiosoak adin txikikoei egindako sexu-gehiegikeriak grabatu omen zituen Basauriko San Jose eskolan eta Gasteizko San Viatorren.
Erredakzioa
Alberto Elgoibar Gasteizko San Viator eskolako zuzendariak esan du ez zutela Txilen atxilotu duten Jose Angel Arregi eliz-gizonaren pederastia kasuen berri.
Alabaina, ikasle ohiek eginiko salaketak ugaritzen ari dira. Ikasle ohi batek Radio Euskadiko entzulearen telefonoari eginiko deian azaldu duenez, Jose Angel Arregi Arrasateko San Viator eskolan irakasle zela, mutikoek zerbait txarto egiten zutenean gimnasioko horma-barretara bidali, prakak jaitsi arazi eta ipurdian jotzen zituen.
Arrasateko San Viatorreko ikasle ohi horrek ezin du sinetsi ikastetxeko arduradunek ezer ez zekitela esatea orain, bere berbetan, "aita-amen kexengatik eraman baitzuten Jose Angel Arregi Gasteizko ikastetxera".
Arregik gimnasia ikasgaia eman zuen Basauriko San Jose eskolan eta Arrasateko eta Gasteizko San Viatorren. Gero Madrila eraman zuten eta handik Txilera. Hegoamerikako herrialdean, eskola batean aritu zen lanean eta bertako ordenagailuan haur-pornografia deskargatzen harrapatu zuen Polziak.
Jose Angel Arregi Egañak ustez adin txikikoei egindako sexu-gehiegikeriak grabatu omen zituen 2002 eta 2005 artean, soinketa eskolak ematen zituenean.
Dirudienez, nerabeen malgutasunari buruzko tesi bat egiten ari zela esaten zuen eta suspenditu egingo ziela mehatxatzen zien kontra eginez gero. Eliz-gizonak kamera ezkutuz grabatzen zituen adin txikikoei egindako masturbazioa eta objektuekin egindako penetrazioa. Jose Angel Arregik 15 ikasleri egindako 400 ordutik gora haur-porngografia bideo zituen.
Egun Txileko Politecnico Señor de Santiagon zen irakasle eta bertako eskolako ordenagailuan atzeman zioten legez kanpoko materiala. Abuztuan atxilotu zuten eta datorren astean epaitu egingo dute.
Auzipetuak delitua onartzen badu, urte batetik hirura arteko zigorra bete beharko du haur-pornografia delitua leporatuta, izan ere, zantzuak omen daude Txilen ere adin txikikoei sexu-gehiegikeriak egin dizkiela.