Gizartea -
HILETA
Alicia neskatoari azken agurra eman diote Hontoria del Pinarren
Gorka Urtaran Gasteizko alkatea hiletan izan da, eta doluminak eman dizkie umearen senitartekoei arabar guztien izenean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alicia 17 urteko neskatoari azken agurra eman diote Hontoria del Pinar (Burgos) herrian. Herenegun hil zen, ustez Daniel Montañok leihotik behera bota ondoren, buruan jasotako kolpeen ondorioz. Jendetza batu da 12:00etan egin duten hileta-elizkizunean. Ondoren, herriko hilerrian lurperatu dute haurraren gorpua.
Gorka Urtaran Gasteizko alkatea hiletan izan da, Arabako hiriburuaren izenean, eta doluminak eman dizkie umearen senitartekoei.
Aliciaren hilketaren eta amak jasandako erasoaren aurrean gasteiztarrek adierazi duten gaitzespena helarazi die Urtaranek Hontoria del Pinarren bildutakoei.
Bestalde, Gasteizko Udalean goizean egin duten osoko bilkura indarkeria matxistaren kontrako minutu bateko isilunearekin hasi dute.
Autopsia
Atzo egin zioten autopsia Aliciaren gorpuari, eta lehendabiziko datuen arabera, umeari 'sarketa bidezko sexu gehiegikeriarik ez' zion egin erasotzaileak. Argitzeke, dago, oraindik, beste mota bateko gehiegikeriarik egin zion edo ez.
Buruan izandako odol-isuri baten ondorioz zendu zen umea, auzi-medikuak txostenean jaso duenez. Itxuraz, bi kolpe gogor jaso zituen buruan; etxeko leihoaren kristalaren kontra aurrena, eta kaleko lurraren aurka ondoren. Josu Izagirre Arabako fiskalburuak, dena dela, "zuhurtzia" eskatu du autopsiaren inguruan zabaltzen ari diren datuen aurrean. Aurretiazko txostena da kaleratu dena, eta, oraindik, analisi toxikologikoen emaitzak falta dira, behin betiko txostena egiteko. Kasua sekretupean dagoela gogora ekarri du fiskalburuak. Amaren deklarazioa erabakigarria izango da, gertatutakoa argitzeko.