Gizartea -
Indarkeria matxista
Euskal hiriburuek Aliciaren hilketa gaitzetsi dute
Haurtxoaren hileta-elizkizuna ostiral honetan egingo dute, Hontoria del Pinar herrian (Burgos).
eitb.eus
Euskal hiriburuetako eta Hegoaldeko beste hainbat herritako biztanleak kalera atera dira ostegun arratsaldean, Aliciaren hilketa gaitzesteko.
17 hilabeteko neskatoari ustez sexu-abusuak egin zizkion gizon batek astelehenean, Gasteizen, eta ondoren leihotik behera bota zuen. Asteartean hil zen, Gurutzetako Ospitalean.
Ostegunean, elkarretaratze ugari egin dituzte, besteak beste, Andre Maria Zuriaren plazan (Gasteiz), Arriaga plazan (Bilbo), Boulevardean (Donostia) eta Udaletxe plazan (Iruñea).
"Erasorik ez erantzunik gabe" eta "Eraso sexisten aurrean elkartasun feminista" izan dira partaideen aldarrietako batzuk.
San Leonardo de Yague herrian (Soria, Gaztela eta Leon) ere elkarretaratzea deitu dute ostiral honetarako, bertan bizi baita Aliciaren aita.
Umetxoaren hileta-elizkizuna ostiral honetan egingo dute, 12:00etan, Hontoria del Pinarren (Burgos), hots, biktimen hainbat senide bizi diren herrian.
Ostegun honetan, autopsia egin diote gorpuari, sexu-abusuak egin zizkioten egiaztatzeko.
Bestalde, Gabriela, Aliciaren ama, hobera egiten ari da, eta Zainketa Intentsiboetako Unitatetik atera dute dagoeneko.
Ustezko hiltzailea, Daniel Montaño, Zaballako espetxean bakartuta dute. Suizidioen aurkako protokoloa ezarri diote, eta, horrenbestez, konfiantzako preso bat jarri dute horren ziegan. Gainera, ez da gainerako presoekin batera izango patioan, norbaitek erasotzea galarazteko.