Gizartea -

Legorreta

Bi adin txikiko atxilotuta, horietako bat pistolaz zauritu ostean

Indarkeriaz egindako lapurreta baten egileak izatea leporatzen die Ertzaintzak.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bi adin txikiko atxilotu ditu Legorretan, indarkeriaz egindako lapurreta egotzita, horietako bat ostutako pistola batekin zauritu ondoren. Antza denez, pistola hori lapurtutako objektuetako bat zen.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, urtarrilaren 31n bi gizonezko adin txikiko Legorretako taberna batera sartu ziren laguntza eske, horietako batek sabelaldean zuen zauria tarteko. Zauritua Donostia Ospitalera eraman zuten eta hurrengo egunean sendagiria jaso zuen.

Adingabeek Ertzaintzaren aurrean egindako deklarazioan adierazi zutenez, Legorretako kaleetan barrena zihoazela, ibilgailu gris batetik tiro egin zieten eta, gerora, ustezko erasotzaileek ihes egin ei zuten. Halaber, ez zituztela erasotzaileak ezagutzen deklaratu zuten.

Ertzainek kontraesanak atzeman zituzten adingabeen testigatzen artean eta, hori dela eta, gezurretan ari zirela susmatu zuten.

Gertaera jazo eta hurrengo egunean, ertzainek bi telebista, bitxiak, errebolberra eta 9mm-ko pistola bat atzeman zituzten abandonatutako baserri batean.

Ertzaintzak egindako ikerketaren arabera, aipaturiko bi adin txikikoek indarkeriaz egindako lapurreta egin ei zuten Legorretako etxebizitza batean eta, gerora, ostutako objektuak abandonatutako baserri batera eraman zituzten. Antza denez, suzko arma manipulatzen ari zela zauria egin zuen bietako batek sabelaldean.

Izapideak egin ondoren, Adin Txikikoen Epaitegiak adin txikikoen zentro batera bidali ditu bi atxilotuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Albisteak Gipuzkoa Gizartea Albisteak Umeak azken ordukoa Goierri