Gizartea -

Fikziozko eszena

Pelikula baten filmaketan izandako eztandak izua eragin du Londresen

Leherketa Jackie Chan aktorearen hurrengo pelikularen eszena bati dagokio.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Londresen filmatzen ari diren pelikula bateko eszena batean autobus batek izandako eztandak izua eragin du Erresuma Batuko hiriburuan, bere "tamaina eta errealismoa" dela eta. Aipatu pelikula  Jackie Chan aktorearen hurrengoa da.

"Leherketaren tamainak eta errealismoak filmatze-kamerak ikusteko bezain gertu egon ez den jende asko ikaratuko zuen", adierazi du Nigel Huddleston parlamentari britainiarrak. Bi pisuko ibilgailuak eztanda egin duen unea grabatu du bideoz Huddlestonek, Lambeth zubia gurutzatzen ari zen unean bertan, Tamesis erreka gainean. Hala eman du jakitera The Guardian egunkari ingelesak.

Leherketa The Foreigner izeneko Jackie Chan eta Pierce Brosnan aktoreen azken filmaren parte da. Parlamentariak berak adierazi duenez, " inguruko egoiliarrek eta saltokietako jabeek bazuten filmaketaren berri"; "gainera, goizeko 9:00ak eta 10:00ak bitartean, kontrolpeko eztanda bat gertatu zela ohartarazi zen, esku-orrien bidez".

Hala ere, parlamentariak honako hau gaineratu du: "Aparta da Londres filmaketak egiteko horren toki erakargarria izatea, baina pelikulako kideek eta agintariek komunikazio-lan hobea egin ahal izan dute gertatu behar zena jakinarazteko, bereziki egun bizi dugun egoerarekin".

Londrestarrek Twitter erabili dute aipatu eszenaren gainean kexu azaltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Erresuma Batua bideoak Gizartea Albisteak