Gizartea -
Auzitegi Gorenaren epaia
Zaintza partekatua ukatu diote Gernikako aita bati, ama jotzeagatik
Orain epaile batek zehaztu beharko du aita-semeen arteko bisita erregimena.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Gorenak zaintza partekatua ukatu dio Gernikako gizonezko bati, haren emazte ohiari eta haurren amari jotzeagatik. Horrek argi eta garbi erakusten du, epailearen esanetan, gurasoen arteko harremana ez da ona eta egoera horrek ez du zainketa partekatua aplikatzea ahalbidetzen.
Horrela, amaren esku geldituko da bi adingabeen zaintza, Bizkaiko Auzitegiak erabakitakoaren kontra. Haurren amak helegitea jarri zuen Auzitegi Gorenean, hain zuzen ere, Bizkaiko Auzitegiak hartutako erabakiaren kontra.
"Zaintza partekatua ezartzeko ezinbesteko baldintza da gurasoen artean errespetuzko harremana egotea", adierazi du Gorenak. Horren esanetan, giro hori ezinezkoa da gizonezkoa genero indarkeriagatik kondenatua izan denean; zehazki, mehatxuengatik.
"Zaintza partekatua ematen ez badidate azala errotik aterako dizut, zaintza partekatua kentzen badidazu, egiten dudan azkeneko gauza baldin bada ere, kolpea emango dizut hementxe bertan. Gezurti halakoa, honek amaiera txarra izango du guztiontzat, sari potoloa egokituko zaizu", esan zion gizonezkoak haren emazte ohiari 2015eko urtarrilaren 6an, bisiten erregimena betez, haurrak aitari eman zizkionean.
Auzitegiak gaineratu duenez, zigorrak ezinezko egiten du zaintza partekatua aplikatzea.
Beraz, amak izango du bi haurren zaintza, eta epaile batek zehaztu beharko du aita-semeen arteko bisita erregimena.