Gizartea -

LEGASAKO HILKETA

Indart kasua artxibatu dute, aitaren aurkako frogarik ez dagoelako

Nafarroako Auzitegiaren iritzian, 'ez da zentzuzkoa' Jose Antonio Indarti semearen heriotza leporatzea, hori frogatzen duen 'froga sendorik' izan gabe. Ez dago horren kontra helegiterik jartzerik.

Jose Antonio Indart. EFE.
Indart auzia, artxibatuta betiko

1:25

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Indart Sarretearen aurka zabaldutako auzia artxibatzea erabaki du Nafarroako Auzitegiak, haren kontrako "froga nahikorik" ez dagoela argudiatuta. 2008an semea, Iñaki Indart Ariztegi, hiltzea egotzita inputatuta zegoen, baina epaileak errugabe jo du.

Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak iazko urrian baztertu egin zuen Legasako krimena argitzeko auzia artxibatzea, eta Jose Ignacio Indart Sarretearen aurkako prozesuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen.

Orain, Nafarroako Auzitegiko lehen sekzioaren iritzian, "ez da zentzuzkoa" inputatuari semearen heriotza leporatzea, ez baitago hori frogatzen duen "froga sendorik". Ez dago horren kontra helegiterik jartzerik.

"Apelazio-errekurtsoa kontuan hartuko da, errekurritutako autoak atzera bota ondoren. Ez dago krimenarekin lotutako froga nahikorik eta sinesgarririk Jose Antonio Indarti lepora dakiokeenik", jaso du lehen sekzioko epaileak.

Atxiloketa

2008an ikusi zuten azkenengoz Iñaki Indart, 24 urteko legasarra. Haren familiak eman zuen desagerpenaren berri. Hainbat hilabetez aritu ziren haren bila, baina ez zuten gaztearen arrastorik topatu.

Handik zazpi urtera, 2014ko abenduan, Gazteluko leizean Gerra Zibileko fusilatuen aztarnak bilatzen ari zen espeleologo talde batek gorpu bat aurkitu zuen bertan. Gorpua Iñaki Indartena zela baieztatu zuten ikertzaileek.

Horren aurrean, ikerketa zabaldu zuten, eta gaztearen aita atxilotu zuten, semearen hiltzailea zelakoan. Deklaratzera joan zenean, honakoa esan zuen, Auzitegiaren atarian: "Ez dago, ez da egon eta ez da egongo nire kontrako frogarik". Atzo, Nafarroako Lurralde Auzitegiak arrazoia eman zion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak