Gizartea -
Euskal legea
EH Bilduk suizidio lagundua edota eutanasia arautzea proposatuko du
Legea proposatu duen taldearen helburua urtea amaitu baino lehen onartzea da, hau da, legegintzaldia amaitu aurretik.
Agentziak | Erredakzioa
Heriotza duinerako legearen proposamenari zuzenketa aurkeztu du EH Bilduk. Horren arabera, gaixotasun sendaezinak duten pazienteek edo terminal daudenek suizidio lagundurako edo eutanasiarako aukera izango dute.
Xabier Isasi eta Rebeka Ubera koalizio abertzaleko parlamentarioak Gasteizko parlamentuan izan dira, lege horren inguruko xehetasunak emateko, "Bizitzaren amaieran dauden pertsonen duintasunaren eta eskubideen bermerako legea" deritzona, hain zuzen ere. Lege ekimen horri 400 zuzenketa inguru aurkeztu dituzte taldeek eta batzordean eztabaidatuko dituzte.
Legea proposatu duen taldearen helburua urtea amaitu baino lehen onartzea da, hau da, legegintzaldia amaitu aurretik. EH Bilduk 75 zuzenketa aurkeztu ditu, tartean, gaixoek "mediku aholkularitzapean eta egoeraren zein erabakiaren arabera", aukera terapeutikoak jasotzea. Izan daitezke "lasaigarri terminalak ematea, suizidio lagundua edota eutanasia, minarekin eta sufrimenduarekin amaitzeko, heriotza duina bermatzeko".
Isasik azaldu du legearen helburua dela "azken hitza egoera horretan dauden pertsonena izatea", gaixoena, alegia. Horrela, ez dute osasun profesionalen "mendekotasunik" onartuko, ezta "alderdien, presio taldeen edota profesionalen tutoretzarik".
Zentzu horretan, EH Bilduk uste du euskal legeak talka egingo lukeela Kode Penalarekin, baina Eusko Legebiltzarrak duen ahalmen legegilea gailendu behar dela. Izan ere, Gasteizko Ganberak legez besteko proposamena egin zuen (alderdi guztiek eman zuten aldeko botoa, PPk ezik) eta Espainiako Gobernuari eskatu zioten eutanasiari dagokion legedia aldatzea, suizidio lagundua despenalizatzeko.