Gizartea -
Epaiketa
Ezkurdiak eskultura batekin jota hil zuen Losada, Ertzaintzaren ustez
Akusatuak goizean goizetik edaten hasi zela dioen arren, segurtasun kameren irudietan ez dirudi mozkortuta dagoenik.
Agentziak | Erredakzioa
Koldo Losadaren hilketa ikertzeko ardura eduki zuen Ertzaintzaren taldeko arduradunak uste du Jon Ezkurdia senarrak 12 kiloko eskultura batekin kolpatu zuela aktorea.
Astelehenean hasi zen, Bizkaiko Lurralde Auzitegian, Koldo Losadaren hilketaren inguruko epaiketa. Hirugarren saioan ikerketa taldeko agenteak deklaratu du. Haren ustez, ustezko hiltzaileak eskultura horrekin kolpatu zuen aktorea, heriotza eragin arte; eta gero, lagun bati bidali zion beste artelan eta objekturekin batera.
Izan ere, Losadaren eta Ezkurdiaren pisua arakatu zuten agenteek ez zuten biktima hiltzeko erabilitako objektuaren arrastorik topatu. Ezkurdiak lagunari bidalitako gauzen artean, ordea, auzitegiko medikuek emandako ezaugarriak zituzten bi eskultura aurkitu zituzten. Horietako batean, giza oin handi batean, biktimaren odol arrastoak atzeman zituzten. Ertzaintzak ondorioztatu duenez, eskultura hori erabili zuen Ezkurdiak Losada hiltzeko.
Ez zirudien mozkor zegoenik
Ezkurdiak epaiketaren lehen egunean esan zuenez, goizean goizetik hasi zen "alkohola edaten eta barbiturikoak hartzen", eta ez zen hilketaren egunean jazotakoez gogoratzen.
Egun horretan Ezkurdiaren kaleko joan-etorriak grabatu zituzten segurtasun kameren irudietan, ordea, ustezko hiltzailea "normal ibiltzen" ikus daiteke, eta dirua ateratzeko klabeak "arin eta zuzen" sartzen. Ez zirudien mozkor zegoenik, adierazi du agenteak.
Atxilotu zutenean, ustezko hiltzaileak ez zuen polizia-etxean deklaratu nahi izan, eta osasun-etxera eramateko eskatu zuen, lasaigarriak eman zizkioten han. Ezkurdiak lagun batzuei hilketaren egunean esan zienez, osatu ezinezko gaixotasun bat zuen eta bizi-itxaropen urria eman zioten medikuek. Ertzaintzak denbora gutxira egiaztatu ahal izan zuenez, gizonak ez zuen gaixotasun larririk.
Zorrak
Ezkurdiak Bilbon zuen taberna (La gallina ciega) ixteko arrazoiak ere argitu ditu ikerketaren arduradunak. Ustezko hiltzaileak lagunei eta senitartekoei esan zienez, Udalaren aginduz zarratu zuen taberna, zaratengatik hainbat salaketa jaso eta gero. Ertzaintzak egiaztatu ahal izan zuenez, ordea, ardo hornitzaileari 7.700 euro zor zizkion eta alokairuaren hainbat hilabete ordaindu gabe zituen Ezkurdiak.