Gizartea -
Kantabria
Bilboko eskiatzaile batek istripua izan du Alto Campoon
74 urteko eskiatzaileak buruan kolpe gogorra hartu du. Helikopteroan ospitalera eraman dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko eskiatzaile batek ezbeharra izan du arratsalde honetan Alto Campooko (Kantabria) estazioan. Eskiatzen ari zela erori egin da eta buruan kolpe gogorra hartu du. 74 urteko gizonezkoa helikopteroan ospitalera eraman dute.
112 larrialdi zerbitzuak azaldu duenez, istripuaren tokira bertaratu diren medikuen asistentzia jaso du lehendabizi eta ondoren eraman dute ospitalera.
Ezbeharraren unean, kaskoa zeraman, baina, kolpearen ondorioz, hasiera batean konortea galdu du eta, antza, burezurra hautsita dauka.
Dena den, erreskatea burutu dutenerako konortea berreskuratu du.
Une honetan Marques de Valdecillako Unibertsitate Ospitalean dago.